Ordu erabakigarriak dira Europako Batzordeak eta Kanadak merkataritza liberalizatzeko negoziatu duten akordioa finkatzeko. CETA Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorrarekin ados dauden edo ez adierazi behar dute bihar Europako Batasuneko (EB) estatu kideek. Bihar Luxenburgon bilduko da EBko Atzerri Ministroen Kontseilua. Batzar horretan erabaki behar dute itunaren onarpenarekin aurrera egingo den edo ez, eta baita ere edukia behin behinean sartuko den indarrean, estatu kide guztieko parlamentuen oniritzia izan baino lehen.
Berez, erabakiek gehiengo kualifikatu bat behar dute. Haatik, negoziazioen amaiera eta itunaren sinadura ahalbidetzeko erabakian aho bateko iritzia bilatuko dute, ondoren herrialde guztiek berretsi beharko baitute CETA. Tramitean aurrera egiteko Europako Parlamentuaren babesa beharko da. Hori lortuta, akordioa behin behinean indarrean sartuko da, EBri dagozkion eskumenetan. Parte handiena martxan jartzea ahalbidetuko luke horrek.
Oraingoz, herrialde batek ere ez du publiko egin ituna blokeatzeko asmorik, baina berresteko prozesu korapilatsua espero da, guztira 38 baitira eztabaidatu eta bozkatu beharko duten parlamentuak. Herrialdeetako parlamentu nagusiek ez ezik, eskualde batzuetako botere legegilearen baimena beharko dute hainbat gobernuk sinatzeko. Hor sortu zaio oraingoz itunari trabarik handiena. Belgikan Valoniako parlamentuak akordioa ez onartzea erabaki zuen gehiengo osoz pasa den astean.
Loteslea da Valoniako ganberaren betoa. Hots, Belgikak ezin du ituna sinatu Valonia kontra duen bitartean. CETAk izan ditzakeen ondorioei buruzko zehaztasun gehiego exijitu ditu Paul Magnette Valoniako presidenteak. Edukien negoziazioa berriro ireki beharrean, Magnettek aipatu du adostutakoa argitzeko deklarazioak gehitzeko aukera.
Brusela bide horretan ari da akordioa salbatu nahian. Biharko bileran edukiak argitzeko deklarazio bat atxikitzea aztertuko dute ministroek. Kanadarekin hitzartu den testu bat da, eta puntu batzuen interpretazioan eragin loteslea du. Hau da, ituna praktikan ezartzerakoan jarraitu beharreko ildo batzuk ezartzen ditu. Hilabete hasieran agiriaren bertsio bat bidali zitzaion Valoniako gobernuari, baina ez zaie nahikoa iruditzen. "Bide onetik doa. Baina gaur gaurkoz dagoen bezala, ez da nahikoa", Magnetten aburuz.
Kanadak ere ordezkari bat bidali du Europara, CETAren blokeoa eragozteko asmoz. Pierre Pettigrew CETA sustatzeko ordezkaria Parisen da egunotan, eta pasa den astean Valoniako gobernuburuarekin bildu zen.
Austria, alde
Belgikan sortu zaion korapiloa nola askatu bilatzen duen bitartean, Europako Batzordeari beste buruhauste batzuk desagertu zaizkio. CETAren edukia bere horretan onartzeari buruz zalantzak adierazi zituen Austriako Gobernuak, orain dela aste batzuk. Iritzi horretan atzera egin du Austriak, ordea, eta itunari ez diotela betorik jarriko iragarri zuen pasa den ostiralean Christian Kern kantzillerak, baina oraindik beharrezko ikusten du berrespen prozesuari buruz alor batzuk argitzea. Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ere atzera bota zuen itunaren aurka egindako eskaera bat.
Bulgarian eta Errumanian ere beste fronte bat irekita zegoen. CETAren edukia bera kritikatu baino gehiago, bi herrialdeek aukera baliatu nahi izan dute presio egiteko Kanadarekin bisa sistemari buruz duten gatazkan. Bi herrialdeetako biztanleei bisa eskatzen jarraitzeko asmoa zuen Kanadak, eta bi herrialdeek ituna trabatzearekin ohartarazi zuten, atzera egin ezean. Momentuz, bisa horren beharra 2018. urtean kentzea eskaini die Kanadak. Heldu den urterako kentzea egotea exijitu dio Errumaniak, ordea.
Espainiak pasa den ostiralean jakinarazi zuen merkataritza akordioa babesteko asmoa duela. Kasu horretan, Hego Euskal Herriko parlamentuek ez dute zer esanik berrespen prozeduran.
Zazpi urteko prozesua
2007. urtean hasi ziren EB eta Kanada akordio baten aukera aztertzen, eta bi urte geroago abiatu ziren elkarrizketa ofizialak. 2014. urteko udan akordioa lortu zuten bi aldeek, baina ia bi urtez atzeratu da itunaren tramitazioa Europan. Azkenean, joan den uztailean jakinarazi zuen Bruselak prozesua amaitzeko asmoa. Europako erakundeen oniritzia lortuz gero, ituna hedu den urriaren 27an sinatuko da, Kanadarekin egingo den goi bilera batean.
EBko 12. bazkide komertzial handiena da Kanada, eta urtero 60.000 milioi euro trukatzen dituzte bi blokeek. Akordioa ezarriz gero, EBko produktuei ezarritako muga-sarien %99 desagertuko direla agindu du Bruselak, eta horri esker 500 milioi euro aurreztuko dituzte ekoizleek. Produktu eta zerbitzu trukea erraztu ez ezik, akordioak lege esparru berri bat eratuko du araudietan, lehiaketa publikoetan edo inbertitzaileen eskubideetan. Europako Batzordeak berak esan du ituna "mugarria" dela, eta "inspirazioa" izan dela AEBekin TTIP akordioa negoziatzeko. Emaitza ia 1.600 orrialde dituen akordio proposamena da.
CETAk ez du TTIP bezain besteko oposizioa sortu. Besteak beste, Kanadarekin dagoen merkataritza harremana askoz txikiagoa da, eta itunaren eskala ez da horren handia. Kritikoentzat, ordea, ituna sinatzeak bere horretan ez dio ekonomiari mesederik egingo, eta egitura arriskutsua duela ohartarazi dute, "atzeko atea" izan daitekeelako Kanadan dauden AEBetako konpainien filialek Europako gobernuen erabakien aurka jotzeko.