Cevitalek jo du lehen enbidoa. Pedro Malagon epaileak mahai gainean dauzka jadanik Fagor Etxetresnen aktiboak erosi nahi dituztenen eskaintza hobetuak. Atzo bukatu zen Aljeriako taldeak, Catak, Ecomac eta Aristonek euren proposamen gaurkotuak aurkezteko epea, eta Cevitalek jakinarazi du 23 milioi euro eskaini dituela etxetresna txikiak, lerro zuria (egosketa) eta konfort lerroengatik, eta 450 enplegu agindu dituela lehen urtean; 2019rako 520. Beraz, bost milioi euro gehiago eskaini ditu aurreko eskaintzarekin alderatuz, eta 150 lanpostu gehiago; baina 23 milioiko eskaintzan konforteko aktiboak ere sartu ditu, Basauri (Edesa) eta Bergara (Geyserren erdia). 18 milioi berehala ordainduko lituzke, eta beste bostak urtebete geroago.
Horiek horrela, Cata Bartzelonako taldeak baino diru gehiago eskaini du Cevitalek (3 milioi gehiago), baina lanpostu gutxiago, katalanek 500 enplegu segurtatzen dituztelako. Aurretik esanda doa: Catak ere hobetu du bere eskaintza, eta datozen orduetan ezagutuko da —beranduenez, ostiralean, administratzaileek euren txostena egiten dutenean—. Orduan ikusiko da bien arteko benetako aldea, hala enplegu atalean nola diru eskaintzetan.
BERRIAk jakin duenez, ordea, bada gaur-gaurkoz bien artean alde garrantzitsu bat: Fagor, Aspes eta Splendid ekoizteko baimena. Catak akordioa dauka Fagor taldearekin eta Cevitalek ez. Marka horiek Fagor S. Koop taldearenak dira, eta hark aspaldian jakinarazi zuen gutxieneko enplegu kopuru batzuk exijitzen dituela lerro produktibo bakoitzean markak ekoitzi ahal izateko. Royalti-ak merkatu egin daitezke enplegu helburu batzuk betez gero, alegia. Kontua da Cevitalek ez duela baimena Fagor marka erabiltzeko, nahiz eta aljeriarrek atzo jakinarazitako informazioan esan zuten Fagor, Edesa, Aspes eta Splendid markak merkatuan jarraitzeko aukera dagoela euren eskaintzari esker.
Arrasate, erantzunaren zain
Arrasatek eskatzen duena ondo ezagutzen du Cevitalek, baina oraingoz ez du erantzun, eta Pedro Malagon Donostiako Merkataritza epaitegiko titularrak oso kontuan har dezake marka, aldagai gisa. Ez alferrik aldagai hori argitzeko eskatu zien hautagaiei aurreko hilean. Markaren akordio hori ez lortzeak (oraindik) beste aukera batzuk zabaltzen baititu Cevitalen asmoei begira: adibidez, Euskal Herriko lantegiak baliatzea Fagor eta Aspes ez beste marka batzuk ekoizteko. Cevitalek Brandt erosi zuen Frantziako konkurtsoan, eta Brandtez gain, De Dietrich, Vedette, Easycook eta Sauter ekoizten ditu FagorBrandt zenaren lantegietan.
Fagor S. Koopekin ez, baina Fed, Edesa eta Grumaleko langileen ordezkari sindikalekin badu akordioa Isaad Rebrarben taldeak, sortuko lituzkeen 450 enpleguak norentzat liratekeen ere zehaztu baitu bere oharrean. Langabezian dauden soldatapeko- entzat 120 gordeko lituzke, eta 330 Fagor Etxetresnetako bazkide zirenentzat. 120ko kopuru hori bat dator erregulazio txostenean zeuden langileek administratzaileekin adostutakoarekin. 118k enpleguaren alde egin zuten, eta 208k, kalte-ordainen alde.
Enkantea ez da bukatu, dena den. Bihar administratzaile judizialek eskaintza hobetuen txostena eman eta gero, astelehenera arte (hilak 21) izango dute hautagaiek berriro euren proposamenak hobetzeko. Orduan, gutun-azal itxian entregatuko dituzte Cevitalek, Catak, Ecomacek eta Aristonek (lasterketan jarraitzen badute) euren azken apustuak, eta haien ordezkarien aurrean irekiko dituzte administratzaileek. Azken eskaintza horien nondik norakoak jasoko dituen txostena hilaren 23an emango diote Fagor Etxetresnen konkurtsoaren epaileari, eta hark hilaren 29rako jakinaraziko du Arrasateko kooperatiba ikurra zenaren lantegiak eta bestelako aktiboen adjudikazioak norentzat diren.
Edesaren etorkizuna
Ecomac talde txiletarra presio handia egiten ari da, eskuz esku Bizkaiko Diputazioarekin eta langileekin, Basauriko planta harentzat izan dadin. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak atzo esan zuen «oso zaila» litzatekeela ulertzea Edesa Ecomacentzat ez gordetzea. Txiletarrak prest daude 7 milioi ordaintzeko eta 113 lanpostu sortzeko, baina eskaintza hori ere hobetzeko prest daude. Arazoa da Cevitalek konfort lerro osoa sartu duela bere eskaintzan, eta Catak gauza bera egin dezakeela, epaileak eskaintza orokorrak nahi dituelako. Ezaguna da, ordea, biek ala biek ez dutela interes handirik Basaurin, eta hautagaien arteko akordioren baten aukerak indarra hartuko luke enkantearen azken txanpan Ecomacen parte hartzea gauzatzeko; agian, konkurtsotik at gertatuko litzateke.