Stock edo akzioak egunero kontrolatzen dira burtsan. Muguruzaren Checkpoint Rock-ek sala ditzaken bidegabekeriez haratago, egunean eguneko epaia ematen du salerosketen indar erlatiboak. Atzo, erosleena nabarmendu zen. AEBetan Chrysler Konkurtso Legera iristeak lagunduko zuen: Ekialde Hurbilean ez bezala, konponbidea bideratzen ari da Obamaren administrazioa. Nola edo hala, gauzak aldatuz doaz. Apirilean %15 pasa irabazi du Ibex-35 indizeak, baina kontrol puntu horrek aurreikuspenak islatzen ditu gehienez ere; ez berehalako hobekuntzarik. KPI zero azpitik da Espainian oraindik, eta nahiz eta bankuek itxura osasuntsua izan, (Santander (+%4,45) lekuko) bide luzea dago hazkundearen bakea lortu arte. Irabazien horma erraldoiaz bestalde, apenas Inditex (-%0,03) eta Edurnezuri (-%1,37) gelditu ziren. Iberia (=) eta Criteria (=) ez gainontzeko guztiek irabaziak izan zituzten, 2.798 milioiren salerosketarekin.
Gutxitan gertatzen da administrazio kontseilu batek bere presidentea eta presidenteordea kargutik kentzea. Are gutxiago, biak hala biak akziodun nagusiak direnean. Atzo, Jesus eta Jaime Salazar anaiei gertatu zitzaien, SOS Cuetara (+%0,47) jaki enpresaren kapitalaren %17 eta %10na pasako partaidetzak izan arren. Bi anaien inguruko elkarte bati 212 milioiren mailegua eman izana salatu dute gainontzeko kontseilukideek, tartean Caja Madrid Espainiako aurrezki kutxa. Ustez, akziodun gisa funts subirano bat erakartzea zen maileguaren helburua.
Checkpoint Stock
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu