CIC Margune, Errendimendu Handiko Fabrikazioko Ikerketa Zentro Kooperatiboa, ikerketa-lerro bat koordinatzen ari da egoera erdisolidoan dauden metalen konformazioa lantzeko (tixokonformatua). Mondragon Unibertsitatea eta CIE-Legazpi enpresa lantzen ari diren teknologia horri esker, industrian hiruzpalau pausu behar dituen prozesua bakarrera ekartzen da. Finean, automobil-industriarako piezak fabrikatzeko egungo prozesua eraldatzeko lanean ari dira, tixokonformatuaren teknologiaz baliatuta.
Gaur egun, autogintzarako piezen fabrikazioa hiruzpalau urratsetan egiten da ia gehienetan. CIC Margune, CIE-Legazpia eta Mondragon Unibertsitatea prozesu hori eraldatzeko lanean ari dira. Tixokonformatuan oinarritu nahi dute aldaketa, metalezko piezei egoera erdisolidoan daudela forma emanda. "Helburua da pausu bakar batean azkeneko pieza lortzea. Modu horretan, bitarteko prozesu guztia aurreztuko genuke", dio CIE-Legazpi enpresako Mikel Intxaustik.
Ez dago prozesu hori erabiltzen duen fabrikatzailerik oraindik. Horregatik, Mondragon Unibertsitateko laborategian, Jokin Lozares ingeniariak helburu argi batekin dabil lanean: tixokonformatua laborategitik industriara edota lantegira eramatea. Laborategi mailan bada ere, industrian hiru-lau pausu behar dituen prozesua bakarrera ekartzea lortu dute.