Enpresak

CIE Automotivek %20 handitu du irabazi garbia lehen seihilekoan

Bizkaikoko enpresak 82,6 milioiko irabazi garbiak izan ditu urtarriletik ekainera bitartean

jarraia125269.jpg
Jon Fernandez.
2016ko uztailaren 27a
09:14
Entzun

"Lehen seihilekoan Plan Estrategikoko aurreikuspenak gainditu ditugu irabaziei dagokionez, eta hori gure operazioen hobekuntza jarraiari zor zaio", azaldu du Jesus Maria Herrera CIE Automotiveko kontseilari nagusiak. Konpainia bizkaitarrak 82,6 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu urtarriletik ekainera bitartean, iazko lehen seihilekoan baino %20 gehiago. 

1.349,5 milioi euroko fakturazioa izan du euskal enpresak, iazkoaren antzekoa: 200,8 milioi euroko ebitda —zorrak, zergak, amortizazioak eta depreziazioak kontutan hartu aurreko emaitza— izan du, iaz baino %7 gehiago, eta 138,8 milioi euroko ebit-a —zorraren interesak eta zergak pagatu aurreko emaitza—, iaz baino %12 gehiago. 

"Munduan daukagun presentzia indartzen jarraitzen dugu, dibertsifikazio geografikoari garrantzi handia emanez. Asiak, dagoeneko, gure salmenten %12 hartzen ditu, eta joera hori indartu egingo da datozen hiruhilekoetan", iragarri du Anton Pradera CIE Automotiveko presidenteak. Praderak, hain zuzen, "euskal multinazional txikia" eraikitzeko asmoa agertu zuen pasa den apirilean, taldearen filial teknologikoa, Dominion, burtsaratu zutenean. Bi aste geroago, taldea handitzeko asmoari jarraiki, Ermuako (Bizkaia) Amaya Telleria enpresa taldea erosi zuen 186 milioi euroren truke. Autogintza osagaiak ekoizten ditu Ermuako enpresak, eta 800 behargin ditu. 

CIE Automotivek, nolanahi ere, helburu handinaiak ditu. Ebit marjina %12ra iristea nahi du eta 2015eko irabazi garbiak boskoiztea datozen bost urteetan. 

  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.