Cikautxo aspaldian ari da merkatu globalizatuetan lehiatzen: Mondragon taldearen kooperatibak AEBetan, Txinan, Indian, Mexikon eta Brasilen ditu plantak, bederatzi guztira, kautxu eta plastikoarekin lotutako osagaiak nonahi saltzeko. Eta, hemendik aurrera, Errumanian ere ekoitziko du. Cikautxoren nazioartekotze prozesu indartsuaren isla, maiatzean lantegia berria ireki, eta 150 pertsona kontratatuko ditu.
Cluj herritik gertu, Errumaniako ipar-mendebaldean, kokatuko du lantegi berria. Hala, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian dituen instalazioekin batera, Europa erdi-erdialdeko eskariei "sendo" erantzungo die. Volkswagen eta Renault izango ditu bezero nagusi. Egoitza nagusia Berriatuan (Bizkaia) duen enpresak markak hautsi ditu berriki: 100 milioi euroko langa gainditzea lortu du salmenten bidez.
Cikautxo taldeak, oro har, 225 milioi euroren salmenta bateratuekin itxi du 2015. urtea; hau da, %15eko hazkundea izan du, 2014arekin alderatuta. Aurten ere hazkunde maila bera errepikatzea espero du, eta 260 milioi euroko mozkinetara iristea, Txina, Mexiko eta Indiako adarrak erritmo bizian (%57) haziko direla uste baitu. Mondragon taldearen kooperatibak 2.800 langile ditu, eta 2016rako 150 gehiago kontratu ahalko dituela deritzo.