'Citi'-a sartu

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ziria sartu diete, euren aurreikuspenetan Citi-a, Citibank alegia, sartu ez zutenei. %33 igo zen AEBetako bankuko akzioa, bere zuzendarietako batek barne agiri batean 2007tik izan duen hiruhileko onena aipatu ostean. Bankuen akzioak lehertu zituen horrek eta atzo saldu zutenei, ziria sartu dieten irudipena geldituko zitzaien: Santanderrek %12,5 irabazi zuen, BBVAk %9,4 eta Popularrek %8,88. Urteko igoera handiena eraginez, noski, urteko bakarrenetakoa izan baita. 2.376 milioiren salerosketarekin Ibex-35 indizeak %4,93 irabazi arren, ez dago krisia amaitu dela pentsatzerik. Baina burtsak duen abantaila, fite doitzearena da, noski. Gas Naturalek (-%7,67) kapital hedatzea larrutik ordaindu zuen. Baina ajearen osteko poza izan zen atzo, nagusi: Gamesak %11,07 irabazi zuen, Mapfrek %10,56 eta Iberdrolak %7,17. Axa (%19,99) eta BNP Paribas (+%20,72) Las Vegasera bidean dira, Monaco txiki gelditu zaiela eta.



Bankuak etxebizitza eta higiezin askoren jabe bihurtu dira. %20ko beherapenekin saltzen ari omen diren arren, Tinsa tasazio etxeak %9ko jaitsiera baino ez du iragarri etxebizitzen prezioan. Doikuntza, mantsoago, baina helduko da.



Inbertsio funts espekulatzaileenek, hedge fund delakoek, jendearen konfiantza galdu dute azken aldian. Ondorioz, hedge fundetako lanpostuen %14 galtzea espero da, hogei mila lagun. Euskal Herriak lanposturik galdu ez eta lasaitasuna irabaziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.