Finantza sektoreko arreta bereganatu du Banca Civicak. Nafarroako CANek parte hartutako bankuaren kotizazioa bi orduz eten zuen atzo Espainiako burtsaren ikuskatzaileak, CNMVk. Argitu nahi zuen zer ote zegoen azken egunotan akzioek izan duten aparteko gorakadaren atzetik. Gero, Banca Civicak ziurtatu zuen beste erakunderen batekin bateratzeko akordiorik ez dagoela, baina onartu zuen merkatuan dauden «aukerak» aztertzen ari direla.
Krisiak bultzatuta, moldaketa prozesu sakon batean murgilduta dago Espainiako eta Hego Euskal Herriko finantza sektorea. Orain arte aliantza eta bateratze asko gauzatu dira, eta aurrezki kutxa ia guztiek banku batera bidali dute euren negozioa. Espainiako gobernu berriak beste bateratze prozesu bat bultzatzeko iragarri duen asmoak aztoratuta dauka sektorea, eta eguneroko ogia dira balizko integrazio berriei buruzko mugimenduak eta zurrumurruak.
Kronologia honako hau izan zen. Hilaren 19an jaitsiera apal batekin itxi eta gero, Banca Civicaren kotizazioak gora egiteari ekin zion. Ostegunean, esaterako, akzio bakoitzak 2,6 eurotik gora kotizatu zuen zenbait momentutan, bost egun lehenago baino %14 garestiago. Atzo, burtsa ireki bezain pronto, ia %5 igo ziren akzioak, eta CNMVk esku hartzea erabaki zuen, goizeko bederatzietatik sei minutu pasatzen zirenean.
Ordubete geroago, Banca Civicak oharra igorri zion ikuskatzaileari, inolako eragiketarik martxan ez zuela jakinarazteko. Oharra jaso ondoren, beste ordu bat igaro zen akzioen salerosketa berriro baimendu zen arte. Civicaren oharrari entzungor, prezioak gora egin zuen berriro, baina egunak aurrera egin ahala, indar guztia galdu zuen gorakadak, eta %1 baino gutxiago handitu zen tituluen balioa saioaren amaieran.
Kotizazioaren etenak sortutako zalaparta alde batera utzita, balizko proiektuak aztertzen ari dela onartu zuen Banca Civicak, Manuel Concha idazkariak sinatutako oharrean. «Gaur egungo egoerak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko hainbat erakunderekin ari gara», zioen oharrak. Hori bai, bankuak azaldu zuen finantza sektoreko eragile «ia guztiak» antzeko harremanak izaten ari direla.
Moldaketa, martxan
Finantza sisteman hogei erakunde geratzen dira 20.000 milioi euroko aktiboen gainetik. Espainiako Gobernuak iradoki du kopuru hori erdira jaistea gustatuko litzaiokeela. Horretarako, 100.000 eta 150.000 milioi euro bitarteko aktiboak dituzten erakundeak sortzea erraztu nahi du.
Esku hartutako erakundeentzat eroslea bilatzea izango da lehen urratsa. CAM Banco Sabadellen esku utzi eta gero, Kataluniako Unnim adjudikatzeko enkantea zabalik du Espainiako Bankuak. Gero, Banco de Valenciaren txanda izango da. Aurrera begira, CatalunyaCaixa eta Novagaliciarekin zer egingo duen erabaki beharko du gobernuek, bi erakunde horietan akzioen gehiengoa duelako, zuzenean haietan esku hartu ez badu ere.
Prozesua ez litzateke hor amaituko. Kiniela guztietan agertzen diren erakundeetako bat da Banca Civica, proiektua indartu eta bideragarri bihurtu ahal izateko. Balizko ezkontideen artean likidezia eta kaudimen arazoak ez dituzten hiru talde aipatu izan dira; horien artean, Kutxabank. Tamaina hazkundea «tokiko bankan indartsua» den erakundeen bidez bilatzeko asmoa du BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak. Baturik, 150.000 milioi euroren aktiboak lituzkete Kutxabankek eta Banca Civicak. Beste aukera posibleen artean Ibercaja eta Unicaja leudeke.
CAN, Cajasol, Caja Canarias eta Caja Burgosen batuketarekin sortu zen Banca Civica. Bateratzeko 977 milioi euroko bultzada publikoa jaso zuen. Gutxieneko kapital eskaerak behartuta, burtsara ateratzea erabaki zuen. Civicaren akzioak 2,7 euroan salgai jarri ziren, %60ko beherapena erakundeak liburuetan zuen balioarekin alderatuz gero. Harrezkero behera egin du prezioak, azkenaldiko bultzadaren aurretik.
Civica, dantzaldiaren erdian
Banca Civicari begira jarri da finantza sektorea, azken egunotan akzioek burtsan izan duten aparteko gorakadari jarraituz«Aukerak» aztertzen ari da bankua, baina esan du ez dela inolako bateratzerik abian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu