Bihar hasiko dira CLPB kooperatibako 84 ardi-esne ekoizleen esnea biltzen. Alta, gasnatua izanen denik ez dakite, kooperatiba horren esnea ez hartzeko manua eman zutelako industrialek beste esnetegiei, joan den asteleheneko interprofesionalaren biltzarrean. Jakin behar da, gasnatzeko egiturarik ez ukanki, 1999az geroz CLPBk beste esnetegiei banatzen duela bildu esnea, eta ondotikgaztak berreskuratu eta haiek dituztela afinatzen eta saltzen.
Esne sobera dutela izan zen esnetegi industrialek emandako esplikazioa. Alta, Aveyrondik (Frantzia), Nafarroatik edota Espainiatik geroz eta esne gehiago dute sarrarazten: iaz 8,2 milioi litro eta aurten bederatzi milioi dituzte ekarriko. «Orain arte, hemengo ekoizpena osatzeko ekartzen zen kanpotik esnea; horrela segituz, kanpokoa nagusitu eta hemengoa da osagai izanen», zioen atzo haserre Jean Luc Etxart CLPBko laborariak. Argi dute ez dela kantitatea benetako arrazoia, baizik eta erabaki horretan «kooperatiba desagerrarazteko helburua» dute ikusten. Are gehiago, dakitelarik kooperatibatik ateraz gero banan-banan ekoizle bakoitzaren esnea hartzeko adostasuna adierazi zutela industrialek iragan astelehenean. «Guztiena ala inorena ere ez» pausatu zuten haatik, baldintza gisa, hots, guztiek beharko dutela kooperatibatik atera eta indibidualki hitzarmena izenpetu esnetegi batekin. Horrelakorik ez dute onartzen, eta elkarren artean «baturik eta kolektiboki» jokatzen segituko dutela erabaki zuten CLPBko kideek azkenik egin biltzar nagusian. Haien irudiko, «laborariaren boterea ahuldu nahi dute» eta kooperatiba baten desagerraraztea hori lortzeko bidean «urrats bat» dela dio Frantxua Irigoienek, kooperatibako kideak. «CLPB desagerraraztea lortzen balute, ekoizle bati bere esnetegia hautatzeko eskubidea urratzen zaion lehen aldia litzake», gehitu zuen.
Egoeraren berri eman zuten atzo Baionan antolatu prentsaurrekoan, eta ondoko egunetan mobilizaturik segituko dutela entzunarazi zuten.
Kanpoko esnea, merkeago
Ossau-Irati AOP labelan ekoitzi 1.000 litro ardi esne 1.500 euroan pagatuak dira, eta kanpoko esnea, berriz, 700-750 euro inguru.Hori izaten da kanpoko esnea sarrarazteko esplikazio nagusia. Baina, logika horri segi, «Euskal Herriko ekonomiaren geroa zalantzan ezarria da», Irigoienen arabera. Guztira, Ossau-Irati gunean 56 milioi litro dira biltzen, horietan 40 milioi direla sor-markaren barne. Ossau-Irati gune horren %85 Ipar Euskal Herrian kokatzen da, eta 1.500 ardi-esne ekoizle dira bertan, 150ek dutela etxean gasnatzen. Gainera, kanpoko esnea sarraraziz, industriak Ossau Irati sor-markaren pean ekoitziarenaren prezioa apalarazteko nahia dutela dio Etxartek.
Joan den otsailean agertu zen jada industriaren eta ekoizleen arteko desadostasuna, eta «lehentasuna tokiko esneari ematea» finkatzen zuen akordioaegin zuten bi aldeek. Akordioa ez segitu izana salatu zuten atzo Baionan. Orduan, kanpotik zazpi milioi litro baino gutxiago sarrarazteko engaiamendua hartu zuten industrialek.
CLPB esne kooperatiba egoera larrian da, industriak ez duelako nahi haren esnea
Esne gehiegi dagoela diote esnetegi handiek; alta, iaz baino litro gehiago sarraraziko dute aurten kanpotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu