CLPBko artzainen lau mila litro ardi esne hartzailerik gabe, bihartik aurrera

Negoziazioekin ezer ez dutenez lortu, ekintzetara pasatzeko hautua egin dute kooperatibako kideek

Azaroan CLPBkoek egin prentsaurrekoa, arazoa aurkezteko. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Industriak haien esnea hartzea errefusatzen duela eta, bihartik aitzina, egunero, CLPB esnetegiko hiruzpalau mila litro ardi esne hartzailerik gabe geratuko dira. Kezkaturik daude bertako ekoizleak, aterabiderik lortu ez dutenez esnea bota beharko dutelako. Bi egunetik behin zazpi edo zortzi mila pinta garraiatzen dituen kamioi bat geratuko da hartzailerik gabe. Sasoi batean, batez beste, artzain batek 30.000 litro ekoizten ditu, hots, «astero laborari batek sasoi oso batez ekoitzitakoaren heina beharko da», dio Frantxua Irigoien CLPBko kideak, zifra horren atzean gordetzenden «larritasuna» azaldu nahian. 71 etxalderen geroa da zalantzan.

CLPB kooperatibatik ateraz gero artzainen esnea hartzeko prest zirela zioten industrialek. 84 kideetarik hamahiru atera ziren egituratik, ostiralean. Azaroaren 7ko interprofesionalaren bileran industrialek kooperatiba horren esnea ez hartzeko manua eman zieten beste esnetegiei. Gasnatzeko egiturarik gabe 1999tik CLPBk beste esnetegiei banatzen die esnea, eta, ondotik, gasnak berreskuratzen, afinatzen eta saltzen ditu.

Esnea sobera dutela izan zen esnetegi industrialek emandako azalpena. Ez dute sinesten kooperatibakoek: alde batetik, Aveyrondik (Frantzia), Nafarroatik eta Espainiatik geroz eta esne gehiago sarrarazten dutelako; bestetik, CLPBtik ateraz gero, esnea hartzeko prest direlako.

Lehiaren beldur

Bizpahiru urteren buruan beren gasnategia eraikitzeko nahia dute CLPBkoek. Haien irudiko, justuki hori da «egiazko arrazoia» haien irudiko: «Lehiakide berririk ez dute nahi; proiektu hori gauzatzerik ez dute nahi».

Azaro erditsutan egindako bigarren proposamenean ekoitziriko esnearen herena hartzeko prest agertu zen industria. Hala eta guztiz ere, 1,9 milioi litro geratzen ziren gasnatuak izateko segurtasunik gabe. Bigarren proposamen horri begira ere «arazo bat dagoela» zioen atzo Peio Harluxet CLPBko zuzendariak. «Haien beharren arabera hartuko digute esnea, noiz eta nola... ez dakigu ezer». Hor ere esne sobera badagoela izan da industriak emandako arrazoia. Hori ez dute sinesten: «Esnetegi guztiak dira aitzinekoetan hemen biltzen zutenaren petik!», Harluxetek dioenaz.

Benetan zenbat esne biltzen duten jakiteko, galdeketa bat burutzeko eskatu berri diote interprofesionalari.

«Negoziazioen garaia bururatua da; aterabiderik ez dugu lortu, eta ekintzetara pasako gara», Harluxeten hitzetan. Atzo gauean bildu ziren kooperatibako kideen artean, zer-nolako borroka mota eramanen duten erabakitzeko. Edizio hau ixterakoan ez zen erabakien berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.