CLPBren esne ekoizpenaren herena hartzeko prest agertu da industria

1,9 milioi litro gelditzen dira hartzailerik gabe, eta, aterabide gisa, ekoizle batzuei eskatua zaie kooperatiba uztea

ELBko eta CPLBko kideen protesta, joan den astean, Baionako saltoki batean. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ardi esnearen krisia beste aro batean sartu da. Iragan astea mobilizazioena izan zen. Amaitzear dena, negoziazioena. CLPB kooperatibari buruz aitzinamenduak izan badira, esne inportazioari dagokionez ez da ezer mugitu.

CLPBko ardi-esne ekoizleei dagokienez, beste proposamen bat egin die industriak: ekoitziriko esne kopuruaren herena hartzeko prest agertu dira. 1,9 milioi litro gelditzen dira, haatik, biltzailerik gabe, eta, aterabide gisa, batzuei CLPBtik ateratzea eta beste esnetegietan banatzea proposatua zaie. Aste hastapenean, Baionako suprefeturan, kooperatibako hiru kideren eta industriako hiru ordezkariren artean izan bileran aurkeztu zuten proposamen berria. Azaroaren 7ko interprofesionalaren bileran industrialek kooperatiba horren esnea ez hartzeko manua eman zieten gasnategiei. Orduan, laborariak kooperatibatik ateraz gero banan-banan esnea hartzeko prest zirela jakinarazi zuten. «Baturik eta kolektiboki» jokatzen segituko dutela erranik, egoera salatu zuten CLPBkoek. Nahiz eta Peio Harluxet kooperatibako zuzendariak erran bigarren aukera hori ez dutela gustuko, proposamena ikertuko dute kideen artean. Abenduaren 2an biltzekoak dira industrialekin, eta orduan jakinaraziko dute onartzen ote duten.

Asteartean bildu zen ere Interprofesionaleko ekoizleen kolegioa. CLPB kooperatiba mantentzearen alde agertu ziren guztiak. «Aitzinamendu bat da, marka ona da», Harluxeten ustez. Ardiak jezten hasiak dira, eta, aterabide bat atzeman bitartean, Aramitzeko esnetegian gasnatuak dira, Biarnon. Jakin behar da CLPBk ez duela gasnatzeko egiturarik, eta horregatik duela beste gasnategiei banatzen esnea, ondotik gasnak berreskuratzen eta saltzen dituela.

Kanpoko esnearen arazoa

Aveyron (Frantzia), Nafarroa eta Espainiatik sarrarazten den esne kantitateari buruz egoera «ez da aitzinatu», Jean Paul Duhalde ELBko kideak dioenez.

«Hori gasnategi bakoitzari da erabakitzea», Peio Etxeleku Agour esnetegiko zuzendariaren arabera. Are gehiago, industrialen taldean den Jean-Claude Mirrassouk dioenez, otsaileko akordioa «errespetatua» izan da, ikusiz kanpotik sartu esnearen kopurua jaitsi dela; %34, haren arabera. Haren ustez, «industriaren eskaintzaren arazoa konpondua da, eta CLPBren dosierra da konpontzeko gelditzen dena bakarrik».

Gaia mahai gainean ezarri zuten berriz atzo ELBko laborariek, Hemen Herrikoa elkartearen biltzar nagusian; multzoño bat etorri ziren arazoa berriz plazaratzera. Protestan pasa zuten jada iragan astea laborariek, esne inportazioak salatzeko. Otsailean adostu akordioa industrialek ez onartu izana gaitzetsi zuten. Orduan, «lehentasuna tokiko esneari emateko» eta zazpi milioi litro sarrarazteko engaiamendua hartu zuten, baina, azkenean, jakinarazi dute 8,5 milioi litro sarraraziko dituztela. Laurent Nuñez suprefetaren ustez, «ezin daiteke kanpoko esne kantitatea mugatu edo kontrolatu, konkurrentzia librearen jokoan garelako». Alta, Duhaldek dioenez, «interprofesionala elkarte bat denez, egituraren barnean adosturiko akordio baten bidez lor daiteke». Interprofesionalaren bilerarik ez da oraindik finkaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.