Fagor Etxetresnak

CNAk "bete beharreko eskaintza" egin du jada Donostiako epaitegian

Fagor Etxetresnen likidazioari itxaron gabe, Eskoriatza eta Garagartza erosteko idatzia erregistratu du Malagon epailearen bulegoan.

xabier martin
2014ko apirilaren 10a
15:55
Entzun

"Markari kalte egiten ari da, prozesua oso motel doalako, eta hura arindu nahi izan dute eskaintza erregistratuz". Cata Kataluniako taldeak Fagor Etxetresnen konkurtsoan aurrerapausoa eman duela berretsi du Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak. CNAk (Cata bere barnean duen taldea) Garagartza (Arrasate) eta Eskoriatzako lantegiak erosteko "bete beharreko eskaintza" egin du Donostiako epaitegian. 16 milioi euroko inbertsioa eskaintzen du etxetresna txikien eta egosketaren adarrak berriro martxan jartzeko, eta 500 lanpostu sortzeko.

Aurreko astelehenean Jaurlaritzarekin elkartu ziren Catako ordezkariek, eta likidazioari itxaron gabe eskaintza ofizial egingo zutela esan zioten. Pedro Malagon kudeatzen ari den konkurtsoa nahi baino "motelago" doa balizko inbertitzaileentzat, "markak egunetik egunera kaltetzen ari direlako". Hala, Cevitalek Frantziako marken truke egindako eskaintzaren ostean, Gipuzkoako aktiboen truke egindako lehen eskaintza iritsi da Malagon epailearen bulegora. "Epaileak argi ikus dezake orain borondate irmoa dagoela Garagartza eta Eskoriatzako jarduerarekin jarraitzeko", esan du Tapiak.

Sailburuak badaki ez alferrik Sauter, De Dietrich, Vedette, Brandt eta Easycook behar dituela Cevitalek Frantziako adarraren zati garrantzitsuena 100 milioi ingururen truke erosteko, eta marken salmenta Malagonen esku dagoela. Gaur agortuko da Nanterreko epaitegiak emandako epea auzi hori argitzeko. Gero, likidazioarekin hasiko da. Oraingoz ez da berririk iritsi, ordea, Malagonen bulegotik. 25 milioiko eskaintzari ezetz esan zion, eta erabaki horren aurka jarritako bi helegiteei ez die erantzun epaileak; Malagonek 35 eskatu zizkion talde aljeriarrari, eta ordutik blokeatuta dago Fagor Ireland marken gordailuaren salmenta.

Eskaintzak Bergara eta Basaurirentzat

Badira arrazoiak pentsatzeko azkenean Cevitalek Frantziako markak lortzen ez baditu CNAk Gipuzkoako lantegien truke egindako eskaintza kolokan geratuko litzatekeela, eskaintza hori Cevitalen korapiloa askatzeko ere egindakoa izan daitekeelako. Aste honetan bertan egin izana, Nanterrek emandako epearen barruan alegia, horren erakusle litzateke. Frantzia eta Gipuzkoako aktiboen zati handi bat erosteko saio handi bat egongo litzateke martxan, eta plan horren urratsa litzateke CNAren eskaintza.

Edonola ere, Tapia baikor azaldu zen likidazio prozesuari begira, CNA eta Cevitalen arteko "balizko enkante bat" posible dela aurreratu baitzuen (Eskoriatza eta Garangartza eskuratzeko), eta eskaintza gehiago iritsi daitezkeela uste du, gainera, "Bergarako plantaren truke, eta baita Basaurikoaren truke ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.