LHK Lan Harremanen Kontseiluak Ataco SL enpresan lan egiten duten CNTko sei afiliatuen afiliazio datuak bidali zizkion enpresari joan den otsailean. “Langileen funtsezko eskubideen aurkako erasoa izan da”, salatu du Endika Alabortek, CNTk Bilbon duen idazkari nagusiak. Isilpeko datuak dira afiliazio datuak, eta horregatik da “larria” gertaera hori sindikatuarentzat. Baita LHKrentzat ere, akats “larri” moduan izendatu baitzuen gertaera hori. Baina kaltea eginda dagoela esan du Alabortek, eta enpresari dokumentu horiek suntsitzeko eskatu badio ere, “datu horiek esku artean dauzka dagoeneko”.
La Oca denden jabea da Ataco SL enpresa, eta otsailean CNTk gatazka kolektibo bat abiatu zuen lan egutegiak 100 orduko malgutasuna ezartzen baitzien lanaldi partzialean zeuden langileentzat. “Egutegi hori ez zen alde sozialarekin adostu, hitzarmen kolektiboak zioen moduan”. Eta gatazka LHKra joan zen. Sindikatuak bere presentzia egiaztatzeko afiliazio datuak bidali zizkion LHKri, “konfidenzialtasunez erabili beharrekoak, langileen izenak, NAN zenbakia eta sinadurak agertzen direlako bertan”. Eta ondoren bidali zizkioten datu horiek guztiak enpresari.
Isabel Amundarain da kaltetuetako bat, eta enpresak berak afiliazio paper horiek erabili ditu langileak “beldurtzeko”. Beharginaren arabera, zuzendaritzako kideek “langile guztiei erakutsi zien gure afiliazio datuak”, eta une honetan jazarpen laborala egiten ari zaiela ere salatu du. “Gurekin harremanik ez edukitzeko iradoki die gainerako lankideei”. Datu horiek ezin dira langileen aurka erabili.
Baina akats horren larritasuna handiagoa da, Ataco SL enpresa Sonia Perez de Ezquerrok zuzentzen duelako. Hau da, Patxi Lopez lehendakari zen garaian Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordea izan zena. “Enpresa pribatu batean halakoak egin baldin badituzte, ez dugu pentsatu ere egin nahi zer ez ote duten egin izaera publikokoetan”, esan du Alabortek.