Coca-Colaren banaketa jarduerak Europako lehia arauak hausten zituen ikertzen bost urte daramatza Europako Batzordeak, konpainiak merkatuan duen nagusitasuna monopolio praktiketarako erabiltzen zuela susmatzen baitzuen. Auzia, ordea, bertan behera geldituko da Atlantako konpainiak hainbat aldaketa iragarri baititu bere banaketa kontratuetan, eta atzo Mario Montik Lehiarako komisarioak oniritzia eman baitzien aldaketei.
Coca-Colak konpromisoa hartu du bere bezeroei beste marketako edariak saltzea galarazten zien esklusibazko kontratuak kentzeko. Horrekin batera ezabatu egingo ditu baita arrakasta txikiagoko bere freskagarriak erostera bultzatzeko txikizkako handiei egiten zizkien deskontuak. Salmenta helburuak betetzeagatik eskaintzen zituen deskontuak ere kenduko ditu Coca-Colak, eta supermerkatu eta saltoki txikietan jartzen dituen hozkailuetan lekuaren %20 utzi beharko die bere markakoak ez diren beste freskagarriei, esaterako, Pepsicoren edariei. «Batzordearen jarduerari esker, kontsumitzaileek aukera gehiago izango dute kafetegi, taberna eta saltokietan. Prezioaren eta gogoaren arabera aukeratzeko moduan izango dira, nahi eta nahi ez Coca-Colaren produktu bat hartu beharrean, hura bakarrik dagoelako», esan zuen atzo Montik.
Coca-Colak esklusibazko kontratuak ezabatuko ditu EBn
Europako Batzordeari men egin eta banaketa jarduera aldatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu