Lan gatazka

Condesako langileek erantzunak nahi dituzte Eusko Legebiltzarrean

Korporazio handien "interesen tirabiretan" bizi direla salatu dute, eta bi urteko prozesu luzearen ondoren "ezkor" direla 800 lanposturen geroarekin.

xabier martin
2015eko azaroaren 13a
11:39
Entzun

Gure enpresaren ibilbidean ez da inoiz gertatu azken bi urte luzeetan izan dugun prekaritate egoeraren parekorik. Enpresa korporazio handien arteko interesen tirabiretan lardaskaturik bizi gara, eta gure lan egoerari ez zaio irtenbiderik ematen". Condesako langileak "ziurgabetasunetik ezkortasunera" pasatu dira uztail amaieran egindako akordioa ez dela betetzen ikusita. "Akordioa egin eta gero esan ziguten Europako Lehiaren Auzitegiaren izapidea egin behar zela, salmenta gauzatu ahal izateko. Ordutik hona ez digute informazio fidagarririk eman, eta epeak ez dira bete".

Horiek horrela, Condesako batzordea Eusko Legebiltzarrera joan da erantzunen bila." Ez gara inozoak, badakigu ez enpresa handiek, ez bankak, ez dutela begiratuko salmenta horren menpe dauden 800 familien beharra; baina Eusko Jaurlaritzaren ardurarik eza onartezina iruditzen zaigu". Agintariek "gehienetan" langileen ordezkariekin bildu ere ez dutela nahi izan salatu dute, "eta bildu direnetan informazioa ezkutatu digute". Hitza ez dela bete diote. "Ziurtatu ziguten bilera egingo zutela gurekin akordioa sinatu ondoren. Akordioa uztailaren 31n sinatu zen, eta Eusko Jaurlaritza ikusezin dago".

Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua gogor salatu dute, galdera asko erantzunik gabe utzi ei dituelako."Langileekin biltzeko joerarik ez duenez, ea azalpen horiek Legebiltzarrean behintzat ematen dituen: Eusko Jaurlaritzak Condesarekin dituen mailegu partaidetuak zer egoeratan daude? Industria Sailak zein nolako pausoak eman dituen oraingo prozesuan eragiteko? Zer egiteko asmoa du lantegi horietako jarduera, enplegua eta lan-baldintzak iraunarazteko? Ustez Condesaren jabe berri izango direnek zelako industria-proiektua dute gerora begira?".

Etsipena islatzen duen abisuarekin bukatu dute Condesako langileek komunikabideetara igorritako oharra. "Lan-kargarik ez da heltzen; erregulazioan murgildurik gaude, eta bezeroak galduz jarraitzen dugu. Horregatik, langileok mobilizatzen jarraituko dugu, gure lanpostuen eta baldintzen aldeko borrokan".

Arantza Tapia sailburuak Legebiltzarrean bertan esan du urtea amaitzerako auzia konponduta egin daitekeela, eta lasaitasuna eskatu die langileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.