Fiskalitatea

Confebask: "Zerga erreforma hazkunderako zama bihur daiteke"

Roberto Larrañaga patronaleko presidenteak EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa kritikatu du, eta enpresen irabaziei ezarritako zergaren tasa "modu mailakatuan jaistea" eskatu du.

Roberto Larrañaga Confebask patronaleko presidentea, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 7a
12:06
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek zerga sistemarako proposatu dituzten aldaketak "hanka-sartzea" iruditzen zaizkio Larrañagari. "Enpresentzako fiskalitate lehiakorra bultzatzeko aukera galdu dute", ziurtatu du.

Forum Europan hitzaldia egin du gaur goizean patronaleko buruak, Bilbon, eta oso kritiko agertu da erreformaren norabidearekin. "Krisiaren irteera egonkortu baino gehiago, zerga erreforma hazkunderako, enplegu sorrerako euskal ekonomiaren indarrerako zama bihur daiteke epe ertain edo luzera". Hori dela eta, inguruan dituzten eremu geografikoen antzeko zergak behar dituztela ziurtatu du. "Jaitsiera bat eskatzen genuen, eta igoera bat aurkitu dugu", kexu azaldu da Confebaskeko presidentea.

EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak sozietate zergaren tasa nominala bere horretan uztea aurreikusi du. Gaur egun, tasa hori %28 da enpresa handientzat, eta %24 txiki eta ertainentzat. Confebaskek behin eta berriro galdegin du tasa nominal hori murriztea, eta ziurtatu du lau puntuko jaitsiera batek 560 milioiko inbertsioa eta 6.000 lanpostu sortzea eragingo lukeela. Galdutako diru bilketa enplegu berriaren PFEZaren eta BEZaren bidez berreskuratuko litzateke, patronalaren arabera. "Gutxienez", Espainiako tasaren pare jartzea defendatu du: %25.

Sozietate zergaren murrizketa hori modu mailakatuan egiteko aukera ere planteatu du Larrañagak, "datozen hiru edo lau urteetan", eta azpimarratu du ekonomiarentzako onuragarria litzatekeela: "Benetan uste dugu halako neurri batek jarduera gehiago, enpresa gehiago sortzen lagunduko lukeela, eta, ondorioz, enplegu handiagoa eta bilketa handiagoa denok eutsi nahi diogun ongizate sistema horretarako". Zeharka, alderdiei leporatu die ez ulertzea zeintzuk diren enpresen beharrak eta erronkak. "Soldata handiagoak ordaintzea, zerga gehiago pagatzea eta enplegu gehiago sortzea nahi da, dena aldi berean, enpresen marjinak igo gabe, eta hori da krisiak zer eragin duen ez ulertzea", Larrañagaren hitzetan. SEA, Cebek eta Adegi patronalek egindako inkesten arabera, salmenten errentagarritasunak izan duen jaitsiera bihurtu da orain "euskal enpresen lehen kezka".

Fforu aldundiek joan den astean jakinarazi zuten zerga sisteman egin nahi dituzten aldaketen zerrenda. Inbertsioa saritzeko kenkari berriak ezartzea, enpresek baliatutako kenkari batzuk mugatzea eta ondare zerga harmonizatzea aurreikusten dute. Moldaketa aurrera ateratzeko, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dute Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Araban EH Bilduren edo PPren babesa lortu beharko dute. Arrazoi ezberdinak direla medio, bi alderdi horiek eta Elkarrekin Podemosek errefusatu egin dute erreformaren edukia.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.