Negoziazio kolektiboa

Confebaskek, CCOOk eta UGTk bihar sinatuko dute negoziazio kolektiborako akordioa, ELA eta LAB gabe

"Arau demokratikoak arbuiatzea" garesti ordaintzen dela ohartarazi die sinatzaileei Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. BERRIAk aurreratu zuen Confebaskek eragin mugatuko ituna orokortzeko proposamena zeukala esku artean.

Roberto Larrañaga Confebask-eko presidentea, apirilean, lan harremanen eredu berria aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2016ko uztailaren 21a
08:27
Entzun

Berri agentziek zabaldu dutenez, bihar sinatuko dute CCOOk, UGTk eta Confebaskek akordioa, Eusko Jaurlaritzaren onespenarekin. Hain justu, Gasteizen sinatuko dute, Jaurlaritzak deituta egingo den elkarrizketa sozialerako mahaiaren bileran. ELAren eta LABen parte hartzerik gabe sinatuko dute.

Itxura guztien arabera, BERRIAk aurreratu zuen dokumentua da sinatuko dutena. Zirriborroko eduki batzuk jasotzen ditu behintzat. Berri agentziek itunari buruz aurreratu dutenez, eragin orokorreko akordioak lehenesten ditu, eta horixe dio BERRIAk aurreratu zuen zirriborroak ere. Nolanahi ere, bihar jakingo dira akordioaren xehetasunak. Zirriborroak ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikala saihesteko formula jasotzen du.

Akordioa irakurri eta aztertuko dutela esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, baina, agiriaren sinatzaileei ohartarazi die "arau demokratikoak arbuiatzera" garesti ordaintzen dela. Jaurlaritzak "euskal langileen erabakiak" errespetatu beharko lituzteela azpimarratu du, gainera: "Ez da komeni zidor antidemokratikoetatik joatea. Gobernu demokratiko batek hauteskunde sindikalen emaitzak errespetatu behar ditu".

Hain justu, BERRIAk argitaratutako zirriborroaren berri jakin ostean, Angel Toña Enplegu sailburuaren dimisioa eskatu zuten ELAk eta LABek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.