Egungo egoeran, aldi baterako erregulazioak ezinbesteko tresnatzat jo ditu Eduardo Zubiaurrek, Confebaskeko presidenteak. Azpimarratu du hori dela enplegua mantentzeko «bide bakarra». Patronalaren burua bat dator erregulazioak «malgutzearekin, luzatzearekin eta enpresa eta sektore bakoitzaren egoerara egokitzearekin» —horixe egin berri du Espainiako Gobernuak—. Uste du erregulazioak ezin direla «zama» bat izan «enpresen jasangarritasunerako eta etorkizunerako». Dena den, berretsi du Confebaskek proposatzen duela erregulazioen baldintzak enpresek «osatzea eta erraztea».
Kontratazioekin lotuta, era berean, Zubiaurrek aitortu du tentuz aztertu behar dela behin-behinekotasun tasa handia, eta urratsak egin beharko direla enplegua egonkortzeko. «Egia da herrialde aurreratuenekin alderatuta behin-behinekotasun tasa handia dugula, eta hori aztertu beharko dugu. Baina, gure azken urteetako historiarekin alderatuta, iazko datuak urtebeteko onenak izan ziren kontratu egonkorrei dagokienez; beraz, kritikak bere lekuan jarri behar dira», adierazi du Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean.
Kontratu egonkorragoak lortzeko, azpimarratu du legedian aldaketak egin beharko direla —besteak beste, kontratazioen araudian eta lan erreforman—, eta ohartarazi du «eragile sozialek» eta bereziki sindikatuek orain arteko zenbait jarrera aldatu beharko dituztela, hori lortzeko eta «konfiantza giroa» zabal dadin, «herrialde aurreratuenean bezala». «Agente guztien artean konfiantza zabaldu behar dugu, kontratatu behar denean ahalik eta modu egonkorrenean kontrata dadin, eta neurriak hartu behar direnean ondo arrazoituta har daitezen».
Zorpetzea eta zergak
«Gakoa da aurtengo urtea ahalik eta ondoen, ahalik eta osasuntsuen eta ahalik eta enpresa eta enplegu gehienekin gainditzea. Hori lortzen badugu, datorren urtean izango den suspertze globala aprobetxatzeko prest egongo gara».
Patronalaren presidenteak ohartarazi duenez, krisitik irtetea ez da berdina izango sektore guztientzat, eta uste du euskal ekonomiaren «indarguneak» aprobetxatu behar direla horretarako, hala nola industria sektorea eta esportazioa. Halaber, ezinbestekotzat jo du «egonkortasun instituzionala» eta kontzertu ekonomikoaren moduko tresnak baliatzea.
Horrekin batera, azpimarratu du administrazioak gehiago zorpetu beharko duela. «Mantendu behar dugu gizartea, enpresak, gizartea, pertsonak, zerbitzuak... Eta zorpetu litezkeen bakarrak administrazioak dira. Eta zorpetze hori gero ordaindu egin beharko da, epeka, zentzuz eta hurrengo belaunaldiei zorrik utzi gabe», zehaztu du.
Horrekin lotuta, eta Confebaskek egin berri duen proposamenaren harira, Zubiaurrek azpimarratu du euskal erakundeek aukera badutela zerga batzuk handitzeko: besteak beste, errentaren gaineko zerga, elkarteena eta jokoarena.