Patronala

Confebaskek dio "porrot" egin duela greba deialdiak, eta ezer ez duela konponduko

Oihartzun orokor eskasa izan duela dio patronalak, eta langileek arduraz jokatu dutela. Barcina: "Espero dut Nafarroan lan egin nahi duenak egin ahal izatea"

2013ko maiatzaren 30a
01:06
Entzun

"Zortzigarren greba orokorrak porrot egin du". Mezu hori nabarmendu du Confebask enpresarien elkarteak gaurko greba deialdiaren harira. Haren hitzetan, arduraz jokatu dute langileeek, eta, "erabat garbi ez dauden helburu batzuen gainetik", lan egitea erabaki dute.Adegiren, Cebeken eta SEAren datuak aipatu ditu patronalak, eta esan du hainbat eskualdetan ez duela batere eraginik izan, eta oro har eskasa izan dela erantzuna.

Azaldu du batez ere Gipuzkoan izan duela grebak eragina, eta eskualde eta industrialde batzuetan bereizki. "Bizkaian eta Araban ez du batere eraginik izan". Gipuzkoan %30ekoa baino apalagoa izan da parte hartzea, patronalaren arabera, eta Araban eta Bizkaian ez da iritsi %10era.

Daturik ez du eman CEN Nafarroako enpresarien elkarteak, baina nabarmendu du oso eskasa izan dela. Jose Antonio Sarria presidentearen ustez, grebara jotzea "gauzak egiteko modurik txarrenetako bat" da. "Badaude modu hobeak, enpresei eta langileei kalte egin gabe".

Barcina: "Espero dut Nafarroan lan egin nahi duenak egin ahal izatea"
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea ezkor mintzatu da gaur goizean greba deialdiaren inguruan, eta adierazi du ez duela ekonomia hobetzen lagunduko. "Galera ekonomiko gehiago ekarriko ditu", adierazi du. Barcinak esan du errespetatzen duela berak greba egin nahi izatea, baina aldi berean lan egin nahi duenaren eskubidea ere errespatatzea espero duela. "Aurreko deialdi batzuetan grebalariek ez dute errespetatu".
Lana egiteko eskubideaz mintzatu denean, ordea, adierazpen kontraesankorrak egin ditu presidenteak. Esan du espero duela Nafarroan lan egin nahi duenak egin ahal izatea ekonomia suspertu eta aurrera atera ahal izateko. Hitz horiek, ordea, ez datoz bat Nafarroan dagoen langabezia tasarekin. Gaur goizean, hain zuzen, Nafarroako Enplegu departamentuaren aurrean bildu dira zenbait grebalari, langabe kopurua gogorarazteko.

Azkuna: grebek "ez dituzte kentzen gobernuak"

Greba orokorraren kontra hitz egin zuen Iñaki Azkuna Bilboko alkateak ere, atzo. Sindikatu guztien babesa ez duten grebek "ez dituzte kentzen gobernuak; elementu publikoak apurtu eta jendea bere onetik ateratzeko baino ez dute balio", haren iritziz.

Galdera egin zien sindikatuei: "Uste dute hurrengo egunean Eusko Jaurlaritzak dimisioa eman edo bere politika aldatuko duela?". Halaber, esan die "boterea nahi badute hauteskundeetara aurkez daitezela". Azkunak adierazi zuen EAJrena dela sindikatuen jardunaren "erruaren zati bat", sindikatuei "30 urtean etengabe amore" eman dielako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.