Zergak

Confebaskek igoerak proposatu ditu zerga itundu guztietan

Errenta zergan eta sozietate zergan egingo lirateke igoerak, «betiere gehien eman dezakeenak gehien emateko printzipioari jarraituz».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronaletako buruak, Confebaskekoekin, artxiboko irudian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 8a
13:55
Entzun

Zorpetzea beste erremediorik ez da izango krisi honetatik ateratzeko, Confebasken ustez. «Arrazoizkoa eta arrazoitua» izan beharko duen zorpetzea. Patronalak esan du hori izango dela modua, batetik, krisi aurretik aurreikusi zen gastu publiko mantentzeko, eta, bestetik, «euskal gizarte osoak —enpresak, pertsonak eta erakundeak— aurrera egin dezan, hartu beharko diren aparteko neurri guztiak finantzatzeko».

Patronalak uste du zergak igo behar direla sortuko den zor hori guztia itzuli ahal izateko, eta hori proposatu du Eusko Jaurlaritzari bidalitako txostenean, Covid-19aren krisiari Euskaditik aurre egiteko bide orri ekonomiko eta enpresariala izenekoan. Bide orrian, igoerak proposatu ditu zerga itundu guztietan, hots, PFEZ pertsona fisikoen errentaren zergan eta sozietate zergan, «beti gehien eman dezakeenak gehien emateko printzipioari jarraituz».

Errekarguak «behin-behinekoak eta finalistak» izango lirateke, hots, zuzenean Eusko Jaurlaritzaren kutxara joango lirateke, hark krisiak eragindako zorra itzultzeko. Izan ere, Jaurlaritzak COVID-19ari lotutako zor tituluak jaulkitzea izango da modua —COVID-19 euskobonuak—, Confebasken aburuz, krisitik aurrera ateratzeko ezinbesteko finantzaketa lortzeko. Eta diru hori itzuli egin beharko da. 

Ez da lehen aldia

Confebaskek azaldu du ez dela horrelako neurri bat hartzen den lehen aldia —1983ko uholdeen kalteei aurre egiteko zerga igoera gogoan—, eta Europako beste herrialde batzuetan egin izan direla horrelakoak, hala nola Alemanian —batze garaian—. 

Confebask, Adegi, Cebek eta SEA patronalek elkarrekin Jaurlaritzari bidalitako bide orrian, euren ustez zor bereziarekin finantzatu beharrekoak aipatu dituzte. Batetik, «eusteko» neurriak leudeke: likidezia lerroak enpresa ertain eta txikientzat eta autonomoentzat; neurriak errazteko, ahalik eta enpresa eta enplegu gehien mantentzea; errentak krisiaren ondorioz gehien kaltetutako kolektiboentzat.

«Suspertzeko» neurriak ere proposatu ditu patronalak: «Akuilatzea tokiko kontsumo ondasunen euskal barne eskaria eta  inbertsioa Euskadin»; enpresen nazioartekotzea sustatzea; zailtasunak dituzten enpresa bideragarriak erreskatatu eta bultzatzea; sektore estrategikoak edo eta osasun krisian gehien kaltetutako sektoreak suspertzea; nazioarteko hornikuntza kateak beste nonbait jartzea.

Beste proposamen batzuk ere egin ditu: osasungintzarako eta biozientzien sektoreentzat tokiko hornikuntza katea garatzea; langabezian eta erregulazioetan dauden pertsonen kualifikazioa eta birkualifikaziorako plan «malgu eta arinak» onartzea, behar beste hornituta. 

Ahalegin partekatua

«Inoiz ez bezalako krisi ekonomiko eta sozial batean gaude», esan du Confebasek bere oharrean. «Gure proposamena herrialdearekiko eta bere pertsonekiko konpromiso zintzo bati dagokio, jabetuta [zorra] itzultzeko ahaleginek krisia ondoen jasaten ari direnen bizkar egon behar dutela, enpleguak eta mozkinak mantentzen dituztenen eta errentarik handienen bizkar. Elkartasun printzipiorako deia da. Era berean, etorkizuneko belaunaldiekiko konpromisoa ere bada, proposamenak egungo belaunaldira mugatzen duelako zorraren ordainketaren ardura, hurrengoen etorkizuna hipotekatu gabe, eta oso ondo jakinda ahalegin partekatuarekin soilik izango dela posible antzematen hasiak diren itzelezko erronkei aurre egitea».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.