Gizarte Segurantzan izena emandako enpresen kopuruari erreparatuz gero, badirudi ona izan dela aurtengo iraila. 57.080 zeuden erregistroan, abuztuan baino 257. Alabaina, Confebaskek oharatarazi du ez dagoela baikortasunerako motiborik. "Enpresa gehiago izan arren, 2008tik izandako irailik txarrena da". Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzak emandako datuetan oinarritu da patronala. Nabarmendu du aurten 1.298 enpresa galdu direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta krisia hasiz geroztik, 7.559.
Hartzekodunen konkurtsora jo duten enpresen kopuruak ere gora egin du. Ekainera bitartekoak dira azken datuak, eta, haien arabera, 319k aukeratu zuten bide hori. Iaz, epe berean, 274 izan ziren. Igoerarik handiena eraikuntzako enpresen artean izan da.
Langile autonomoen bilakaera ere enpresen antzekoa izan da. Irailean abuztuan baino 137 gehiago zeuden, baina aurten dagoeneko 2.357k utzi dute negozioa, eta 2008tik, 18.307k.
"EAEn pilatutako enpresen eta autonomoen galera oso indartsua da oraindik, eta agerian uzten du egoera ekonomikoaren larritasuna eta sendotasuna. Ekonomiaren susperraldiari lagundu behar zaio, eta dauden baliabideekin, enpresen iraunpena babestu, haien lehiakortasuna eta enplegua mantentzeko eta sortzeko gaitasuna", adierazi du Confebaskek.