Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ekonomiaren motelaldiari aurre egiteko hartutako neurriak ez dira nahikoak Confebaskentzat, eta neurri «saihestezinak, osoak eta premiazkoak» eskatu dizkie. Confesbaskeko Batzar Orokorrak atzo Miguel Lazpiur izendatu zuen berriz ere Euskal Enpresaburuen Konfederakundeko presidente, datozen hiru urteetarako.
Lazpiurren arabera, eskatu dituzten neurriak ezartzea ez da erraza izango, arazo gehienak «kanpoko aldagaien baitan» daudelako. Hala ere, beste alderdi batzuetan lan egin daitekeela uste du, besteak beste, mikroekonomia politikan, energia ereduan, erregulatu gabeko zerbitzuen sektorearen, fiskalitatean, eskaintza politikan eta erosketa publikoan, eta baita kontsumoa sustatzen eta egungo eraginkortasun ezarekin amaitzen ere.
Presidentea berriz hautatzeaz gain, ekonomiaren egoera ere aztertu zuten. Egungo ekonomia «beheraka doala» dirudiela eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore batzuek eraginak nabaritu dituztela dio Lazpiurrek. Gainera, motelaldiak asko irauten badu eraginak «larriagotu» daitezkeela iritzi dio. Egoera ikusita, EAEko ekonomia uste baino gutxiago haziko dela iragarri du. Egoera hobetzeko asmoz, sindikatuen eta enpresa erakundeen arteko elkarlanaren beharra ikusi du Confebaskeko presidenteak. Sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren etorkizunarekin konpromisoa hartzea garrantzitsutzat jo du.
Confebaskek «premiazko neurriak» eskatu ditu motelaldiari aurre egiteko
Enpresak ekonomiaren egoeraren eragina nabaritzen ari direla eta egoera gehiago «larritu» daitekeela azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu