Euskal enpresa batzuk "ongi funtzionatzen ari dira", Eusko Jaurlaritzako Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuaren ustez, eta horregatik gehiegizkoa da haren arabera, Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak aurreko astean gizarteratu zuen mezua: euskal industria ehuna "hiltzen" ari dela. Gaur bertan Lujua hartuko du Iñigo Urkullu lehendakariak eragile sozialekin egiten ari den bilera errondaren barruan.
Sektoreak duen egoeraren larritasuna ez dela hainbestekoa eman du aditzera Tapiak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. "Egia da", haren ustez, euskal industriak "egoera zaila" duela, eta "ez dagoela krediturik" finantzazioa behar bezala egiteko, baina badira enpresak "ongi funtzionatzen" ari direnak; "esportatzen ari dira eta euren lanpostuei eusten".
Horregatik, Lujuak aurreko astean igorritako mezua, "alarmistegia" dela uste du Arantza Tapiak, "dagoen baino ezinegon handiagoa" eragiten duelako. Confebaskek eman zituen datuak zuzenak direla onartu du sailburuak, "baina ezin da datu hotza eman" zenbaki horietara heltzeko gertatzen diren egoera zehatzak aipatu gabe.
Gamesako presidente Ignacio Martinek aipatutako "Espainia markaren zama" dela eta, Tapia sailburua ados dago gaur egun marka hori oztopoa dela euskal enpresentzat. "Oso zaila izaten ari da nazioartera jotzea lehiatzeko asmoz, Espainiaren arrisku saria eta Espainiako bankuen arazoak" aipagai direnean etengabe merkatuetan.