Urtero legez, Confebaskek Koiuntura Ekonomikoaren Txostenean aurkeztu ditu urteko balorazioa eta 2018rako aurreikuspenak. Enpresarien elkartea pozik agertu da 2017ko emaitzekin. Azaldu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak %3ko hazkundearekin itxiko du urtea. Hazkunde ekonomikoko laugarren urtea izango da jarraian, eta 2018rako antzeko hazkundea aurreikusi dute; %2,9koa. Barne eskariaren goraldia izan da, Confebasken arabera, joera ekonomiko onaren arrazoi nagusia. Baita Europan inbertsioan izandako susperraldia eta nazioarteko komertzioaren hobekuntza ere.
Confebasken arabera, horrek ekarri du enpleguaren sorrera eta langabeziaren murrizketa. 2017an, Gizarte Segurantzako afiliazio berriak 20.000 izan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %10ean gelditu da. Horrez gain, enpresarien elkartearen arabera, aurten, 74.000 kontratu mugagabe sinatu dira, zifrarik altuena 2007tik, eta kontratazio finkoa aldi baterakoa baino biziago hasi da: %12,8 eta %3,4 hurrenez hurren. Datorren urterako, 18.000 afiliatu berri eta %8ko langabezia tasa aurreikusi dute. Gaineratu dutenez, “erritmo horri eutsiz gero”, 2019an krisi aurreko enplegu maila berreskuratuko litzateke.
Brexit-a, euroaren kotizazioa, petrolioaren prezioaren igoera eta Katalunia aipatu badituzte ere kezka iturri gisa, Confebasken iritziz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen kezka nagusiak bi dira: errentagarritasunaren jaitsiera eta langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak.