Confebask Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da. Miguel Angel Lujua EAEko enpresarien konfederazioko presidentearen esanetan, "ekonomiaren ikuspuntutik ezinbestekoa da lehenbailehen gobernu sendo bat izatea herrialdeak aurrera egiteko".
Lujuak argi utzi du hauteskundeak aurreratzeko erabakia Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariaren eskuetan dagoela, baina onartu du enpresariek ez dutela "gogoko" Lopezek gutxiengoan eta Legebiltzarreko gehiengoaren babesik gabe gobernatzea.
Ekonomiaren Berpizketarako Plana 2012-2014 aurkeztu du patronalak gaur goizean, Bilbon. Besteak beste, elkarteen gaineko zerga erreformatzea eta % 24an uztea proposatu du; baita ondare eta enpresa publikoen salmenta aztertzea eta zerbitzuak pribatizatzea ere.
Jarduera eta enplegua bultzatzeko finantzaketa funts bat sortzea proposatu du patronalak; eta aldundiek eta Jaurlaritzak inbertsio publikoak egiteko erakunde arteko plan bat egiteko eskatu du. Planaren finantzaketa lortzeko, pertsona fisikoen eta juridikoen ekarpenak jasotzea espero du Confebaskek.
Lujuaren esanetan, herrialdearen bide orri bat egin behar da, "erantzukizunetik eta konpromisotik, eta bertan proposamen eta ekarpen guztiak integratuta".
Eusko Jaurlaritzari "gastua optimizatzeko" eskatu dio patronalak, 6.000 milioi euroko zorpetzea ez baita "bide egokiena". "Ezin dugu daukaguna baino gehiago gastatzen jarraitu, ezta zorpetu ordaindu ezin dezakeguna mantentzeko", esan du Confebaskek.
Lujuak azpimarratu du ekonomiaren berreskuratzeak izan behar duela agenda politikoaren eta erakundeen lehentasunik handiena, "gaur ez dagoelako premia edo garrantzi handiagoa duen beste ezer".
"Ez gara krisialdi honetatik bakarrik aterako, baina arazoak, ziurgabetasunak eta nazioarteko arriskuak alde batera utziz, horien konponbidea gure eskutik kanpo baitago, Euskaditik jardun behar dugu baita ere, ondorioak leuntzeko eta gure ekonomia berpizteko. Geldirik ezin gara egon, ezta konponpidearen zain egon ere", azaldu Confebaskek.