Lan harremanak

Confebasken ordezkaritza neurtzeko eskatu dio LABek Jaurlaritzari

Adegi, SEA eta Cebekek "gero eta zilegitasun gutxiago" dutela dio Garbiñe Aranburu ekintza sindikaleko idazkariak, eta negoziazio kolektiboaren blokeoa askatzeko patronala derrigortu egin behar dela.

xabier martin
2014ko ekainaren 23a
11:16
Entzun

"Ez du balio ustezko neutraltasun batek". Eusko Jaurlaritzari "benetako urratsak" egiteko eskatu dio LAB sindikatuak iazko uztailaren 7tik aurrera sortutako egora "desblokeatzeko". Canfebasken ordezkaritza "ez da sekula neurtu", esan du Garbiñe Aranburu ekintza sindikaleko idazkariak, eta neurketa hori Eusko Jaurlaritzaren esku utzi du. "Azken hilabeteetan negoziazio kolektiboa enpresetara eraman behar izan dugu, eta enpresari askorekin aurrez aurre egoteko aukera izan dugu; eta jakin badakigu gero eta gehiago direla Adegi, SEA eta Cekebekin desadostasuna dutenak".

Beste kontu bat da adierazpen publikoak egitea eta patronal berriak eratzeko pausoak ematea. "Hori hala da", dio Aranburuk, baina Iñigo Urkulluren gobernuari "ustezko neutraltasuna" alde batera uzteko aroa heldu dela esan du, eta Confebaski ematen dion babesa erretiratzeko garaia ere bai. "Patronal berriak sortuko balira, negoziazio mahaietara ekartzeko prest geundeke". ELAk Bizkaian patronal berri batekin egindakoa ez du komenigarria ikusten, ordea, LABek. "Ez dugu Bizkaidendak-en eredurik nahi, mahai paraleloak egitea ez delako egokiena dagoen egoera konplexua soluzionatzeko".

Edonola ere, Confebask "elite gutxi batzuen alde" ari dela garbi ikusten du sindikatu abertzaleak, eta Jaurlaritzak ez badu aurrerapauso bat ematen "soldatak txikitzen eta euskal gizartea pobretzen" jarraituko duela. "Ez da bakarrik enpresa ertain eta txikien alde ez egitea, iazko uztailaren 7aren atarian Jaurlaritzaren saioari ere muzin egin zion. Atera kontuak".

Finean, LABek beti defendatu du gaur egun lan harremanetan dagoen blokeoa "erabat politikoa" dela, arazo politikoa dela alegia, eta arazo hori eragiten duena Confebask patronala dela. Erakundeek rol garrantzitsua dute sindikatuaren ustez, arazo horri irtenbide emateko lanean. "Gipuzkoako Diputazioan ikusten ari da beste politika batzuk egiten direnean, adibidez hirugarren adinakoen erresidentzien auzian edota foru arauen bidez, patronalaren errekzioa muturrekoa dela; Adegi suminduta dago ikusita erakundeek ez dutela men egiten Gipuzkoan".

Monopolioa hautsi nahi

LAB sinetsita dago negoziazio kolektiboak duen blokeoa ez dela askatu erakundeek Confebask ez badute derrigortzen. "Babes soziopolitikoa kendu behar zaio, hark bere kabuz ez diolako uko egingo negoziazio mahaietan duen monopolioari". Patronalaren ordezkaritza neurtzea oinarrizko tresna litzateke sindikatuaren arabera, blokeoa askatzen hasteko, patronal berriak sortzeko atea irekiko lukeelako.

Uztailaren 2rako manifestazioak iragarri ditu LABek Donostian eta Bilbon (11:00etan) eta baita Gasteizen ere (11:30ean), bere ordezkarien batzarren ondoren. Zenbait udaletan ere mozioak aurkeztuko dituzte desblokeoaren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.