Valentziako Consum kooperatibak Eroski taldea uztea erabaki du, atzo bi kooperatibek agiri bateratu batean zabaldu zutenez. Consumek erabakitzeko ahalmena galdu duela argudiatu du azken urteotako bazkidearekin harremanak hausteko.
Zehazkiago esateko, «kudeakuntza esparru guztietan erabakiak hartzeko bertikalitatea handitzen ari zela» azaldu du Consumek. Eroskik ez du ukatu gero eta erabaki gehiago bere esku zeudela, baina horrek Consumen independentzia juridiko eta ekonomikoa auzitan jartzen ez zuela ziurtatu du. Halaber, ukatu egin du bi taldeen arteko bategite ezkutua zegoela.Eroski taldeak «begirunea» azaldu dio Consumen erabakiari, baina «alde bakarrekoa» izan dela onartuta. «Ziur gaude sektorean gertatzen ari den kontzentrazioak ezinbesteko egiten dituela batasun bertikalak. Batasuna enpresa bakar gisa kudeatzea da gehitutako bolumenaren potentzialaz baliatzeko modu bakarra», azaldu du Eroskiren agiriak.Mondragon taldeko saltokien kateak gezurtatu egin du Consumeko arduradunekin «desadostasunak edo arazo pertsonalak» dituztenik.
Markari eutsiko dio Eroskik
Eroski taldea uzteko erabakia urtarrilean hartu zuen Valentziako kooperatibak eta hil horren amaieran jakinarazi zion Arrasateko taldeari. Otsailean zehar, haustura prozesua «era ordenatu batean» egingo dute. Horren arabera, Eroskik eutsi egingo die valentziarrekin bat egin ondoren sortutako Consumer markari. Izen horrekin saltzen ditu Eroskik marka zuriko bere produktuak. Halaber utzi beharko ditu Consumek Travel Club eta Eroski taldearen fundazioaren programak.
Valentziako kooperatibak, ordea, eutsi egingo die Consum eta Charter izen komertzialei eta Valentzian dituen ia 400 supermerkatuei. Horren ondorioz, oraindik Consum eta Charter izena duten Hego Euskal Herriko saltokiek izena aldatu beharko dute. Banantzearen ondorioz, Eroski taldeak bere fakturazioaren %10 galduko du.Eroskik zein Consumek jakinarazi dute hausturak ez duela eraginik izango langile-kooperatibistek urtero jasotzen dituzten mozkinetan.
Consum kooperatibak Eroski taldea uztea erabaki du
Azkenaldian erabakitzeko ahalmena galtzen ari zela argudiatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu