Contador zenbatzailea

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Contadorren erasoen indarra erakutsi zuen, azken minutuetan, Ibex-35 (+%0,31) indizeak. Espainiarrak maillot horia bezain estu heldu zion indizeak 10.100 puntuen langari, azken minutuetako lanean. Zenbatzaile lanetan, 31 puntu irabazi zituen: 22 eman zizkion Santanderrek (+%1,04), eta 13 Edurnezurik (+%0,61). 770 milioiren akzioak mugitu zituzten bi erraldoiok, 35eko tropel guztiak 1.716 baino mugitu ez zituen egunean. Telecincoren (+%2.31) pedal kolpea edo Iberdrolaren (-%0,44) mozkinak aipagai izan ziren arren, gure burtsaren tour honetan bi capo, bi buru daude, Astana taldea bailitzan. Euriborra %1,38an da jada, eta petrolioak ere beherantz egin du. Ekonomiak ez du aparteko bizigarririk, nahiz AEBetako etxebizitzen prezioak %0,9 igo ziren maiatzean: Espainian, kasu, Aifos etxe enpresak konkurtso legera jo berri du, 1.000 milioiren zorrak itota; AEBetan Morgan Stanleyk 159 milioiren galera zenbatu du azken hiruhilekoan.



Iberdrolaren (-%0,44) mozkina %23 gutxitu da aurtengo lehen seihilekoan. Espainian bere mozkinaren herena inguru eskuratu du, eta negozio berriek eta nazioartekoak eman dizkiote bi heren. Eskaria gutxitzea eta ezohiko mozkin jaitsiera pairatu ditu.



Zeltia (+%6,62) bioteknologia enpresak gorabeheratsu jarraitzen du: oftalmologiarako botika berri baten lehen faseko lanetarako baimena lortu berri du. Duela hiru aste 5,58 euroan zen akzioa; 3,22 euroa hondoratu zuen Yondelis botikaren AEBetako porrotak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.