Enpresak

Copreci, 50 urtean, 40 langiletik 1.400era

Mende erdia bete duela ospatzeko ekitaldia egin du gaur Aretxebaletako Coprecik. Lantegiaren handitze lanak eta kooperatibaren izena edukiko duen kalea inauguratu dituzte.

Miren Garate.
2013ko apirilaren 15a
19:09
Entzun

Etxeko tresnen "bihotzak" egiten dituztela diote Coprecin. Nazioartera zabalduta dagoen taldea izanik ere, Aretxabaletan du bihotza, taldearen fakturazioaren %65 baino gehiago hango lantegian sortzen baitu. Eta kooperatibaren bihotza osasuntsu dago, 2009tik 70 lanpostu sortu baitutu. Horiek dira 50. urteurrena ospatzeko gaur goizean egin den ekitaldian nabarmendutako ideia batzuk. Lantegiaren handitze lanak eta kooperatibaren izena duen kalea inauguratu dituzte ekitaldian.

1963 hasi zen lanean Copreci, 40 pertsonako lantaldearekin, prezisiozko osagaiak egiten. Gaur egun zazpi ekoizpen planta ditu munduan zehar, eta 1.400 lagun aritzen dira haietan, horietatik 700 Aretxabaletan bertan. Hain zuen, Mondragon korporazioaren baitan, Copreci izan zen nazioartera salto egiten aurrena. 1989an sortu zuen Copreci Mexico, eta haren atzetik etorri ziren Txekiar Errepublikako lantegia (1996), Italiakoa (2002), Turkia eta Brasilgoa (2003) eta Txinakoa (2004). Produktuen eskaintza ere handitu du, eta besteak beste, sukalde, berogailu eta labeetarako balbulak, indukzio bidezko sukaldeetarako sorgailuak eta garbigailuetarako ura husteko ponpak egiten ditu.

Kooperatibaren datuen arabera, 300 milioi etxe baino gehiagotan daude Coprecik ekoiztutako produktuak. Lantegietatik egunero 80 kamioi baino gehiago ateratzen direla ere azaldu dute. Hain zuzen, etxeko tresna elektrikoen arloko marka nagusiak hornitzen ditu, tartean, Fagor, Bosch Siemens, Electrolux, Miele edota General Electric. Berritzaile izateari garrantzi berezia ematen dio, eta horren erakusle da 280 patente baino gehiago izatea. "Oraindik ere gai gara eskulan merkeagoa duten zonaldeetan lehiatzeko, prozesu automatizatuetatik abiatuta eta energiaren arrazoizko erabilera etra kontsumoa oinarri izanda".

Copreciko ordezkariak ez ezik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Ana Bolinaga Aretxabaletako alkatea ere izan dira ospakizun ekitaldian. Urkulluren arabera, euskal ekonomiak izan behar duenaren erakusle da Copreci. "Aitzindaria da, egiteko gaitasuna du, nazioartean zabalduta dago baina sustraiak errotuta ditu, eta berritzailea da. Horiek dira euskal ekonomiaren baloreak", esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.