Corrugados Azpeitiak 140 langile kaleratzeko erregulazioa aurkeztu du

Zuzendaritzak bideragarritasun plan bat aurkeztu arte, langileak ez dira ezer negoziatzera eseriko

Corrugados Azpeitia lantegiko langileek atzo Azpeitian egin zuten manifestazioa. NEREA URANGA / UROLA KOSTAKO HITZA.
Azpeitia
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Esan eta egin. Corrugados Azpeitia lantegiko 140 langile kaleratzeko erregulazio eskaera aurkeztu du enpresaren jabeak, Extremadurako (Espainia) Alfonso Gallardo taldeak. Berriak ez ditu ustekabean harrapatu langileak. Duela bi aste Badajozko Jerez de los Caballeros herrian egindako bileran, taldeko presidenteak berak jakinarazi zien Azpeitiko langileen ordezkariei ehundik gora langile botatzeko intentzioa zuela. Itxura denez, aurten baino 50.000 tona gutxiago ekoitzi nahi ditu datorren urtean, 300.000 tona besterik ez, lantegiak duen gaitasunaren herenaren azpitik —2009an milioi bat tona ekoitzi zuen—. Eta langileak sobratzen zaizkio. Horregatik, 140 langile botatzeko baimenaz gain, gelditzen diren 270 ingururi lanaldia erdira murrizteko baimena ere eskatu dio Administrazioari.

Erregulazio proposamenak ez du zehaztapen handirik jasotzen. Soilik dio enpresan gelditzen diren langileek batez beste 105 egunez gelditu beharko dutela etxean. Inork ez daki, ordea, espedienteak langile batzuei edo guztiei eragingo dien edota guztiei modu berean eragingo dien. Apirilaz geroztik indarrean dituzten aldi baterako erregulazio neurriek, esaterako, langile batzuei askoz gehiago eragin die beste batzuei baino. Bulegoetako langileak lanera ia egunero joan dira, baina ekoizpenean jarduten diren langileak astean egun batean edo bitan besterik ez dira joan. Ondorioz, langileek batez beste 150 egun jan dituzte langabeziaren saritik.

Kaleratzeak egiteko enpresak kontuan hartuko dituen irizpideen inguruan ere ezer ez dakite langileek. Baina logikak dio erretiro aurreratua hartzeko aukera emango diela horretarako baldintzak betetzen dituztenei. Enpresako iturrien arabera, 35-40 bat lagun daude egoera horretan.

Bideragarritasun planik gabe

Beste erregulazio bat irentsi beharko zutela sinetsita egon arren,langileek haserre hartu dute albistea, zuzendaritzak bideragarritasun planik gabe aurkeztu duelako dosierra. Irailetik, Brasilgo CSN Companhia Siderurgica Nacionalek Azpeitiko lantegia erosteari uko egin zionetik, langileek astero-astero egin dituzte plan hori eskatzeko mobilizazioak. Alfer-alferrik. ELAko iturriek BERRIAri baieztatu diotenez, ordea, «enpresa batek erregulazio eskaera bat aurkezten duenean derrigorrez aurkeztu behar du bideragarritasun plan bat ere». Horregatik, plan hori mahai gainean jarri arte langileak ez dira ezer negoziatzera eseriko.

Zuzendaritzaren nahia, ostera, negoziazioak lehenbailehen bukatzea da, urtarrilaren 1erako 140 langileak kaleratuta eta lanaldia murrizteko neurriak indarrean nahi baititu. Apirilean martxan jarritako espedienteak abenduaren 31ra arteko indarraldia du. Beraz, bat bukatzerako bestea martxan jartzea da Gallardoren asmoa.

Langile batzordeko kideek ez dute erregulazio eskaeraren inguruan adierazpenik egin. Bai,ordea, LABek, atzo Azpeitian prentsaren aurrean egindako agerraldian. Zuzendaritzak aurkeztutako erregulazio proposamena «sasi-irteera bat» besterik ez dela adierazi zuen Asier Imaz LABeko Industria Federazioko kideak, ez dituelako lantegiak dituen arazoak konpontzen. «Lehentasuna enpresaren etorkizuna bermatuko duen plan estrategiko bat egiteak dauka eta plan horren helburuaenplegua mantentzea izan behar du». Horrenbestez, kaleratze traumatikorik inolaz ere ez dutela onartuko ziurtatu zuten ELAko iturriek zein LABeko ordezkariek.

Imazen esanetan, Corrugados Azpeitiak «irabazi ikaragarriak» izan zituen hazkunde urteetan, 2005tik 2008ra 129 milioi eurorenak. «Irabazi horiek bideragarritasun plana finantzatzeko erabili behar lituzke orain, inbertsioak egiteko, lantegia eraberritzeko eta enplegua eta haren kalitatea bermatzeko». Aldiz, Gallardok beste lehentasun batzuk dituela azaldu zuen. Gallardok berak lantegia saltzeko asmorik ez duela ziurtatu arren, LABek uste du lan taldearen zati bat kaleratu, enpresa merkatuaren beharretara egokitu eta ahalik eta garestien saltzeko asmoa duela.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari enpresa bideragarri egiteko industria plan eraginkor bat osatzen laguntzeko eskatu dio Imazek, eta Lan Ordezkaritzari, berriz, erregulazio eskaera atzera botatzeko. Datorren asteazkenean, 11:00etan, Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren parean elkarretaratzea egingo dute Corrugados Azpeitia lantegiko langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.