Corrugadosen planak egiturazko arazoei ez diela aurre egiten salatu du LABek

Sindikatuaren ustez, aurkeztutako premisa industrialen arabera negoziatzea epeka ixteko aukera ematea da

Miren Garate.
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
LABek salatu du Azpeitiko Corrugadosek aurkeztutako bideragarritasun planak egiturazko arazoei aurre egin beharrean langileak egiten dituela egoeraren erantzule. 140 langile kaleratu nahi ditu enpresak. Sindikatuaren arabera, aurkeztutako premisa industrialen arabera negoziatzea epeka enpresa ixteko baimena ematea da. «Gaur, 140 kaleratze proposatu dira; aurkeztutako plana kontuan izanda, bihar askoz gehiago izango dira».

LABek azaldu duenez, Corrugadosek Espainiako eraikuntza merkatuan dauzka jarrita itxaropenak. Hau da, enpresaren susperraldia Espainiako merkatuaren susperraldiarekin etorriko dela esaten du. «Gainbeheran da merkatu hori. Gainera, Corrugadosen eskaintza eskaera baino askoz handiagoa da. Beraz, plan honek etorkizuna bermatuko duen mirari bati begira jartzen gaitu langileok».

Konponbidea ekoizpena dibertsifikatzeak eta nazioartera zabaltzeak ekarriko duela azaldu du enpresak. «Horretarako, planak inbertsio argiak aurreikusi behar ditu, baita behar adina finantza berme ere». Espainiako Gallardo taldearena da Corrugados. Bideragarritasun planean haren izena agertu ere ez dela egiten azaldu du LABek.

Sindikatuak erakunde publikoekin harremanetan jartzeko asmoa agertu du, besteak beste Eusko Jaurlaritzarekin. «Aurkeztutako planean sinesten ez badugu, bestelako bide orri bat marraztu behar da, eta prozesu horretan ezin gaituzte langileak bakarrik utzi». Halaber, mobilizazioekin jarraituko dutela azaldu du LABek.

Kiderren, pizgarri bidez

Kider taldeak ere 24 langile kaleratu nahi ditu. Horretarako, plan sozial bat aurkeztu die sindikatuei. Euren borondatez enpresa uzten duten langileei lan egindako urte bakoitzeko berrogei egun ordaintzea proposatu du, gehienez ere 42 hilabeteko mugarekin. Horrez gain, antzinatasunari dagokion beste kopuru bat jasoko dute langileek. 2009az geroztik aktibo daudenek eta bi urtetik gorako antzinatasuna dutenek izango dute ordaina jasotzeko aukera.

Arabako Aiara eskualdeko enpresa bat da Kider, eta industria altzariak egiten ditu. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, enpresaz kanpoko kontu ikuskarien talde bati txosten bat egiteko agindu dio, «jarduera eta enpleguari eutsi ahal izateko zein bideri jarraitu behar diogun ikusteko». 2009an nahiz 2010ean galerak izan ditu enpresak. Kontu ikuskarien arabera, gehiegizko lantaldea du Kiderrek, eta borondatezko kaleratzeak biltzen dituen plan sozial bat aurkezteko aholkatu dio. 24 langileko kopurua ere hark finkatu du.

Hain zuzen, taldeak 557 langile ditu hainbat lantegitan banatuta. Soberakinak horietako hirutan dituela adierazi du. Inanen, zortzi langilek uztea nahi du enpresak, eta beste 73 postu mantenduko dituela agindu du. Lantegi horretan kobratzeko kutxak eta industriarako arotz lanak egiten dituzte. Kimen, xaflen manipulazioan espezializatutako lantegian, hamar langile daudela soberan dio, eta 75 posturi eutsiko diela. Azkenik, Kider Almacenen, taldearen produktuak biltegiratzen dituen enpresan, sei langile bidali nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.