Couthek lantegi berria inauguratu du, Hernanin

Makina markatzaileak egiten ditu Gipuzkoako konpainia horrek, eta filialak ditu Alemanian, Mexikon, Katalunian, Italian eta Txinan.

COUTH enpresaren lantegi berriaren inaugurazio ofiziala. JON URBE / FOKU
COUTH enpresaren lantegi berriaren inaugurazio ofiziala. JON URBE / FOKU
pettan uralde
2024ko apirilaren 18a
16:00
Entzun

Gipuzkoako Couth konpainiak gaur goizean inauguratu du bere egoitza nagusia, Euskadiko Parke Teknologikoaren Hernaniko Campusean (Gipuzkoa), Galarreta auzoan. 5,5 milioi euroko inbertsioa egin dute lantegi berria eraikitzeko, eta, panel fotovoltaikoak dituenez, kontsumituko duen argindarraren zati bat modu autonomoan eskuratzeko gai izango da.

Couth 1954. urtean sortu zen, eta makina markatzaileak egiten ditu, hau da, hainbat osagaitan edo beste makina batzuetan enpresek beren markak jartzeko modua egiten duten gailuak. Autogintzan, aeronautikan, siderurgian eta beste alor batzuetako industrietan egiten du lan. 1963az geroztik, Hernaniko Zikuñaga auzoan zuen fabrika nagusia. Turinen (Italia), Bochumen (Alemania), Shanghain (Txina), Monterreyn (Mexiko) eta Bartzelonan (Katalunia) ere lantegiak ditu.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia inaugurazio ofizialean izan da, Leonard P. Wessell Coutheko presidentea eta Jose Antonio Erdozia kontseilari ordezkaria ondoan zituela. Ekitaldian izan dira, halaber, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, eta Estibaliz Hernaez Euskadiko Parke Teknologikoen presidentea, instalazio berriak ikusteko aukera izan duten beste gonbidatu batzuen artean.

Enpresaren eraikin berriari esker, Couth konpainiak behar duen hornidura teknologikoa izango du, datozen urteetan espero bezala hedatu ahal izateko. Enpresa %9,7 handitu zen iaz, eta 15,5 milioi euro fakturatu zituen.

«Gure helburua da gure konpainiaren hazkunde errentagarrian laguntzea, eta, aldi berean, gizartearen garapen jasangarrian laguntzea». JOSE ANTONIO ERDOZIACoutheko kontseilari ordezkaria

«Gure ustez, Euskadiko Parke Teknologikoaren moduko ingurune batean kokatutako azpiegitura berri honetan egindako inbertsioak, enpresa proiektu erakargarri batekin batera, lagundu egingo digu gure helburuak lortzeko behar dugun talentua erakartzen», azpimarratu du Erdoziak.

Horrenbestez, Coutheko trazabilitate eta ikuspen artifizialeko sistemen bidez lortzen dute erabakitzea zein produktu merkaturatu eta zein ez. «Errefusek ekoizpen prozesu oso garestiak alferrik galtzea dakarte, materialen kostuak, eskulanarenak, energetikoak, logistikoak eta abar areagotzen baitituzte. Zer baztertzen den eta produktu bat zergatik baztertzen den jakiteko informazioa dugunez, prozesuaren datuen azterketaren bidez kausa-efektu harremana ezarri nahi dugu, etorkizuneko errefusak aurreikusteko ereduak garatzeko abiapuntu gisa, horiek prebenitzeko eta saihesteko».

Erdoziak azaldu duenez, horrekin «hondakinak murriztea» lortzen dute, eta «bezeroen ekoizpen prozesuen eraginkortasuna, errentagarritasuna eta etorkizuneko jasangarritasuna hobetzen laguntzen».Gainera, azpimarratu du Couthek lagundu egiten diola ingurumen jasangarritasunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.