Lehen lan kontratua

CPE atzera bota eta gazteak lan munduan txertatzeko beste neurri batzuk iragarri ditu Chiracek

Gizartean kontrako erantzun zabala jaso duen CPE Lehen Lan Kontratuaren legea atzera bota, eta legeak lan munduan txertatzeko beste neurri batzuk hartuko dituela iragarri du Jacques Chirak Frantziako presidenteak. Dominique de Villepin lehen ministroarekin, Gobernuko beste zenbait kiderekin eta UMP alderdiko buruzagiekin batzarra egin ondoren eman du erabakiaren berri Chiracek. Nolanahi ere, beste "neurri" horiek zeintzuk diren ez du zehaztu, eta, beraz, ikuskizun dago CPErekin antzekotatsunik duten.

2006ko apirilaren 10a
17:36
Entzun
CPE lehen lan kontratuaren legeak kinka larrian jarri du Frantziako Gobernua (UMP eskuindarrarena). Dominique de Villepin lehen ministro eta arauaren bultzatzaile nagusiak neurri horren xedea gazteak, lan mundura sartzeko zailtasun handienak dituen sektoreetako bat, enplegura hurbiltzea dela esan du behin eta berriz. 26 urtetik beherakoei aplikatu ahal zaie kontratu mota hori, bi urteko iraupena du, eta epe horretan inolako justifikaziorik gabe kanpora dezake ugazabak langilea.

Gazte eta ikasle mugimenduen, sindikatuen eta, oro har, ezkerreko oposizioaren erantzun zabala jaso du du CPEk: gazteen lanaren prekarizazioa eta ustiapena dakarrela iritzi diote, eta lanuzte zen mobilizazio handiak egin dituzte azken asteetan, Villepinen Gobernua kinka larrian jartzerainokoak.

Ipar Euskal Herrian jarraipen zabala izan dute CPEren aurkako mobilizazi horiek; Baionan aspaldiko manifestazio handienak egin dira, 10.000 lagun ingurukoak.

Esan bezala, gizartearen erantzunak eragina izan du Gobernuan, eta baita UMP alderdi barruan ere. Joan den astean legea aldarrikatu zuen Chirac presidenteak, baina, era berean, puntu eztabaidatsuenak aldatu egingo zituztela iragarri zuen. Enkargu hori eman zion UMPko diputatu talde bati.

Krisiari irtenbide bat emate aldera, gaur goizean bilera egin du Chiracek Villepin lehen ministroarekin, Gobernuko beste zenbait kiderekin eta UMPko buruzagiekin. Bilera horren ostean, agiri labur bat plzaratu du Frantziako presidenteak, eta CPEa "hartarako zailtasunak dituzten gazteak lan munduan txertatzeko zenbait neurrik" ordezkatuko dutela iragarri du. Hala ere, ez du zehaztu neurri horiek zeintzuk diren.

Ikasle mugimenduek, sindikatuek eta ezkerreko oposizioak arratsaldean jakinaraziko dute aldaketa onartzen duten edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.