GREBA OROKORRA

Cuadra: "Murrizketa sozialez gain, giza eskubideetan ere mozten ari dira"

Greba orokorrean kolpatu zuten diputatua atzo Iruñean. Amaiurrek "bereziki" salatu du Sabino Cuadrak jasotako tratua. Cuadrak nabarmendu du diputatu bati eraso egitea delitua dela, eta salatu du fiskalak zergatik ez duen ikerketarik eskatu. Irudia azaleko argazkian jaso du 'Financial Times'-ek.

2012ko irailaren 27a
17:34
Entzun

Atzoko grebaren harira izandako liskarretan hainbat pertsona zauritu zituen Poliziak, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua tartean. Poliziaren erasoa jasandako batzuek iragarri dute salaketa bat jarriko dutela, Iruñean izandako gertakariengatik. Cuadrak berak nabarmendu du diputatu bati eraso egitea Espainiako Zigor Kodean jasotako delitua dela, eta, jakinik argazkiak badirela, galdetu du zergatik ez ote duen fiskalak edo epaitegiek inolako ikerketarik abiatu.

Erasoa zer dela-eta gertatu zen azaldu dio Cuadrak BERRIAri. Bere sindikatu kide bat kolpatua izaten ari zela, poliziengana gerturatu zen, halakorik egin ez zezaten. Diputatu akta erakutsi zien, bertan adierazten baita poliziek diputatuen segurtasuna zaindu behar dutela. Horrela egin ordez, hura ere borraz jo zuten. Gainera, polizia horrek uko egin zion bere identifikazio zenbakia emateari.

Cuadrak uste du nabarmena dela indarkeria mailaren gorakada azken hilabeteetan. Azaldu duenez, bada paralelismo bat Espainiako Gobernua gizarte alorrean egiten ari den murrizketen eta giza eskubideetan emandako atzerapausoen artean. Gainera, Poliziaren bortizkeria ere hazi dela uste du.

Ohar batean Amaiurrek esan du justifikaezina dela Poliziak atzo grebalarien aurka izandako jarrera oldarkorra: "Atzo, hautetsien, kazetarien, langileen zein adingabeen kontra gogor oldartu zen polizia. Hauek eraso guztiak onartezinak direla badakigun arren, bereziki salatu nahi dugu Sabino Cuadra gure diputatuak jasotako tratua. Espainiako Poliziak diputatu baten kontra ere egin zuen". Poliziak "muturreko bortxakeria" erabili zuela gaineratu du.

Amaiurrek bere atxikimendua eman nahi izan dio urriaren 12an, Iruñean, Barcina-Morras-Alba dimisión! Utzi bakean langileria! Gastos policiales para escuelas y hospitales! lemapean egingo den manifestazioari.

Financial Times-ek azalean jaso du Poliziaren erasoa

Irudi hori, hain zuzen, azaleko argazkian atera du gaurko edizioan Erresuma Batuko Financial Times kazetak. Espainiako egoera ekonomikoa eta Madrilek egoera horren aurrean hartutako murrizketa neurrien kontrako protestak jaso ditu. Azaleko irudian foruzain bat ageri da Cuadra borrarekin joz, hark diputatu akta erakusten dion bitartean.

Financial Times-en albisteak ez du greba orokorraren aipamenik egiten, baina argazki oinak sortu du harrabotsa: "Sabino Cuadra Espainiako parlamentaria euskal polizia batekin istiluetan, atzo Iruñean".

Espainian, berriz, La Razon egunkariak ere Sabino Cuadra eraman du azalera, "zergatik ez dute dimisioa ematen?" izenburuarekin.

Belgikan, La Libre kazetak azaleko irudian jarri du atzoko greba orokorreko irudi bat. "Espainiak Europa kezkatzen du berriro ere" izenburua jarri du azalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.