Cyprus bankeko presidente Andreas Artemisek dimisioa eman du gaur. Zipreren erreskatearen truke gobernuak troikarekin adostutako neurrien artean dago Cyprus Bank herrialdeko banku nagusia birkapitalizatzea, eta Artemisek argudiatu du ez dagoela konforme troikak eta gobernuak adostutako planarekin. Zipreko Banku Zentralak ziurtatu du ez dutela Cyprus Bank itxiko.
Bestalde, gaur ez dira zabalik izango bankuak Zipren, kontrakoa iragarri bazuten ere. Beste bi egunez edukiko dituzte itxita, ostegunera arte. Bart gauean jakinarazi zuen erabaki hori Mijalis Sarris Zipreko Finantza ministroak, "banku sistema osoaren funtzionamendu lasaia" ziurtatzeko.
Europako Batzordeak gaur adierazi duenez, Zipreren erreskaterako hitzartutako formula "bakarra" da, baina onartu du etorkizunean 100.000 eurotik gorako gordailuak dituztenek galerak izan ditzaketela erreskateak ordaintzeko.
"Zipreren kasua bakarra da arrazoi askorengatik, ohiz kanpoko egoera, eta irtenbidea egokia topatu da", esan du Chantal Hughes EBko Barne Merkatuko bozeramaileak.
Zipreren erreskaterako gobernua eta troika ados jarri ziren herenegun, baina atzeratu egin dute bankuak zabaltzea, halere. Adostu dutenez, Laiki banketxea, Zipreko bigarrena, likidatu egingo dute, eta bertan zuten dirua galduko dute herritarrek; 4.200 milioi euro inguru, guztira.
Erreskatea beharrezkotzat jo zuen atzo Nikos Anastasiadis Zipreko presidenteak, eta gaineratu zuen erreskate horri esker saihestuko duela Ziprek kiebra.