Gasteizko Daewoo lantegiko zuzendaritzak iragarri du lantegia itxiko duela Eusko Jarualritzak enplegua erregulatzeko txostena onartuko ez balio ere. Zuzendaritzako kideek enpresako komiteari esan diote lantegia ez dela jada bideragarria.
Daewook Gasteizen duen lantegiko langileen ordezkariak eta honen zuzendaritza bildu dira gaur enplegua erregulatzeko txostenaren inguruko negoziazioak direla-eta. Daewoo hozkailu ekoizleak enpresa ixteko eta 147 langileak kaleratzeko asmoa duela jakinarazi zuenetik hirugarren bilera izan da hau.
Txema Perez enpresa batzordeko idazkariak EFE agentziari azaldu dionez, egin duten bileran Eduardo Sanchez Giza Baliabideen zuzendariak ziurtatu die Eusko Jaurlaritzak enplegua erregulatzeko txostena onartu ez eta azaroan lantegira itzuli beharko balute ere ez dutela lanik egingo, multinazionalaren asmoa ixtea delako.
Langileek mobilizazioak hasi dituzte Enplegua Erregulatzeko Txostena ez onartzeko eskatuz
Enplegua erregulatzeko dosierra ez onartzeko eskatzen diote Gasteizko Daewooko langileek Eusko Jaurlaritzari, bi arrazoirengatik: alde batetik, langileen esanetan, dosierrak ez daukalako ganorazko plan sozialik, langileak beste enpresa batzuetan kokatzeko neurririk; bestetik, enpresak ez dituelako azaldu ustezko arazo ekonomikoak. Dosierraren hilabeteko kontsulta epea bertan behera uzteko eskatu diote Lan Sailari, beharrezko baldintzak betetzen ez dituelako.
Txema Perez enpresa batzordeko idazkariaren esanetan, enpresak ez die agiri ofizialik erakutsi dosierraren arrazoi ekonomikoak zuritzeko. Langileen ordezkariak zehaztu zuen datu batzuk eman dizkietela, baina ez direla ofizialak. Datu horien arabera, enpresak urtarrila eta uztaila artean 200.000 euro galdu ditu hilero.
Atzo eguerdian elkarretaratzea egin zuten Andra Mari Zuriaren plazan Ez itxi!! No se cierra!! lelopean. Elkarretaratzearen aurretik Gasteizko Udaleko Bilduko taldearekin elkartu ziren; hauek beren aldarrikapenekin bat egiten duetela esan zieten eta udal taldeko gainontzeko alderdiekin adostasun bat lortzen saiatzeko konpromisoa hartu zuten.