Sindikatu bateko ordezkaria Adegiren gonbidatu nagusietako bat? Bai. Ez ELAkoa edo LABekoa, ezta CCOOkoa edo UGTkoa ere; Danimarkako LOkoa baizik. Christian Solyst, LO Danimarkako Sindikatuen Konfederazioaren aholkularia. Adegiren Enpresa Egunean hitz egin zuen atzo, Danimarkako malgusegurtasun ereduaz.
Adegik urteak daramatza malgusegurtasunaren alde. Saritu ere egiten du: atzo Bellota eta Spyro saritu zituen, malgusegurtasuna aplikatzeagatik. Europan malgusegurtasunaz hitz egiten denean Danimarka da eredu nagusietako bat. Adegi Danimarkan izan zen iaz, hango eredua ezagutzeko.
Malgusegurtasuna, malgutasun eta segurtasun hitzen elkarketa. Lan merkatuaren malgutasuna, enpresaburuek errazago kontratatu ahal izateko; langileentzako segurtasuna, langabezian geratuta ere gizarte laguntzak jasoko dituztela ziurtatzeko.
Danimarkan hiru langiletik batek lana aldatzen du enpresa batean lanean hasi eta urtebete baino lehen. Urtero lanpostu eta enpresa ugari galtzen dira; sortu ere bai, ordea. Hamar langiletik zortzi sindikaturen batean afiliatuta daude, eta sindikatu gehienak sektore zehatzetakoak dira.
Solystek enpresaburuen belarriak eztitzeko moduko azalpenak eman zituen: sindikatuen eta enpresaburuen arteko elkarlana, sindikatuen erantzukizuna, kontratatzeko erraztasuna, gatazkarik nahi ez duten sindikatuak, lan eskaintzei uko egin ezin dioten langabeak... Euskal Herrian sindikatuen ahotan baino gehiago, enpresaburuenetan entzuten diren adierazpenak ere egin zituen: «Langabeen gizarte babesa handiegia bada, jendeak ez du lan egin nahi».
«Erotuta al zaudete?», galdetu izan diete Europako zenbait sindikatuk LOko ordezkariei, halako eredu bat onartzeagatik. «Langileen arrazoizko babesa lortu dugulako onartu dugu; bestela, ez», erantzuten du LOk.
Hala ere, LOk berak onartu du Danimarkako eredua ezin dela erraz esportatu beste herrialde batzuetara. Solysten arabera, «garrantzitsuena» sindikatuek eta enpresaburuek elkarrekin «zintzo» jokatzea da, «konfiantza»: «Ez bazarete elkarren fio, ezinezkoa da».
Danimarka eredu
Adegik 'malgusegurtasuna' babesten du, eta Danimarka du eredu. Hango LO sindikatuko ordezkari bat gonbidatu du, eredua ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu