Ekonomia

Datorren astean jarraituko du lan erreformaren aurkako protestak

Manuel Valls sindikatuetako eta patronaleko buruekin bilduko da gaur eta bihar

maddi ane txoperena iribarren
2016ko ekainaren 29a
16:11
Entzun

Frantziako Gobernuaren lan erreformaren aurkako 11garren protesta eguna izan zen atzo. Hamaikagarrena eta udako oporren aitzineko azkena izateko itxura zuen, CGT buru duen intersindikalak udan protesta baretu eta irailean berriz hartzearen alde egin baitzuen atzo,  erreformaren aurkako kolektiboen iritziaren aurka. Zatiketarik ez da izan, azkenean, heldu den astearterako beste greba eta manifestazio eguna deitu baitu CGT sindikatuko Baionako adarrak. Egun horretan itzuliko da lan kodearen erreforma Frantziako Asanblea Nazionalera.

Eñaut Aramendi LABeko kideak eta Jusqu'au Retrait kolektibokoak atzo defendatu zuen udan ere segitu beharko litzatekeela: «Ezin dugu 'kendu arte!' eskatu, eta uda utzi tartean. Segitu beharko genuke, baina badakigu oso ondo Euskal Herritik bakarrik ezin dugula hori lortu». Horren inguruan Euskal Herrian alternatibak eraikitzeko deia egin zuen Aramendik: «Gure esku da alternatibak pentsatzea, eta ea biharko Euskal Herria frantses estatua baino hobea dugun».

Atzokoan ere jende andana bildu zen Baionan, tren geltokitik suprefeturara arte, tartean, sindikatu nagusietako kideak, enpresa zehatzetakoak eta Jusqu'au Retrait kolektibokoak. Azken horiek Claude Larrieu izan zuten gogoan, joan den larunbatean mendian erorita zendu zen NPAko militantea. San Izpirituko zubian omenaldia egin zioten, haren argazki bat jarri eta lore eskaintza eginez.

Senatuak onartu du

Kaleko protestak gora behera, lege proiektuaren tramitazioa aitzinera doa. Frantziako Senatuak arratsaldean onartu zuen, aldeko 185 boto eta aurkako 156rekin. Senatuan gehiengoa eskuinekoa denez, lege proiektua are eskuinerago eraman dute. Horrela, proiektu berrituak 35 orduko lan astea kendu du, eta PSk atzera botatako zenbait neurri berriro ezarri dituzte. Erraterako, «arrazoi erreal eta seriosik» gabeko kaleratzeetan gehienezko ordainsari bat ezartzea adostu dute, enpresa ttipietan ere ordezkari sindikalen sinadurarik gabeko akordioak onartu dituzte, eta kaleratze objektiboak egiteko arrazoiak zabaldu dituzte.

Orain, diputatuek eta senatariek egun batzuk dituzte testu komun bat egiteko. Egingo ez dutenez, Asanblea Nazionalera joanen da ondotik testua, uztailaren 5ean. Pentsatzekoa da PSk berriro ezarriko duela lege proiektua berak nahi bezala, eskuineko aldaketak kenduta. Sozialisten asmoa da, erakustea haiek bultzatu nahi dutena baino testu «okerragoa» egin nahi duela eskuinak.

Bilerak gaur eta bihar

Lege proiektuan aldaketa esanguratsurik ez duela egingo ziurtatu dute Manuel Valls lehen ministroak eta Myriam El Khomri Lan ministroak. Edonola ere, elkarrizketarako zabalik direla erakutsi nahi dute, eta bilera saioa hasiko dute gaur sindikatuetako eta patronaleko buruekin. Lehenik erreforma babestu duten bi sindikatuetako buruekin bilduko dira (CFTC eta CFDT), eta gero erreformaren aurkako sutsuenak, Phillippe Martinez (CGT) eta Jean Claude Mailly (FO). Elkarrizketa saioa bihar arratsaldean amaituko da, patronaletako arduradunekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.