Luis de Guindos Ekonomia ministroak esan du astelehenean bidaliko diotela Eurotaldeari Espainiako bankuak erreskatatzeko eskari formala. Gaineratu du ez dutela zehaztuko maileguaren zenbatekoa.
Goizean, berriz, iradoki du gaur bertan egingo zutela eskara. "Berehala egingo dugu eskaria; Madrilera iristerako, gutuna bidaltzeko prest egongo da", adierazi du goizean Ekonomia ministroak. Eurotaldeak erreskatearen eskaera ofiziala mahai gainean izan nahi du astelehenerako.
Bestalde, De Guindosen arabera, finantza erakundeak zuzenean kapitalizatzea, estatuaren eskuetatik pasa gabe, "erabat irekita dagoen aukera da".
Espainiako Ekonomia ministroak ez du argitu nahi izan BEZ zerga igotzeko asmoa ote duen, nahiz eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Europako Batzordeak hori eskatu. "Europako Batzordeak azpimarratu egin ditu Espainiak zergak egonkortzeko eta egiturazko erreformak egiteko egindako esfortzua", azaldu du.
Bankuek, asko jota, 62.000 milioi behar dituzte, aholkularien arabera
Espainiako bankuak erreskatatzeko asko jota 62.000 milioi euro beharko direla ondorioztatu dute Ekonomia Ministerioak kontratatu zituen bi aholkularitza enpresek. Kalkulu horren zain zegoen Raxoiren gobernua Europako Batasunarekin hitzartu berri duen erreskatearen zenbatekoa finkatzeko —100.000 milioi euro gehienez—. Ez du esan nahi diru hori guztia ezinbestean eman beharko zaienik, baizik eta hurrengo hiru urteetan ekonomiaren egoera zeharo gogortuko balitz galerei aurre egiteko kapital hori beharko luketela. Gabezia globala kalkulatu dute aholkulariek, baina banku bakoitzak duen egoerari buruzko informazioa ez da iraila arte iritsiko.
Zenbait finantza erakunde egoera deserosoan uzteko arriskua du atzerapen horrek. Ekonomia Ministerioak eta Espainiako Bankuak bat egin zuten aurkezpenean, eta argi utzi zuten finantza sektoreko hiru erakunde indartsuenek aski dutela euren baliabideekin aurrera egiteko, hots, Santanderrek, BBVAk eta Caixabankek ez dute erreskatetik sosik eskatuko. Halaber, finantza beharrik handienak nazionalizatuta dauden lau erakundeek —Bankia, NCG Banco, Catalunyabanc eta Banco de Valencia— izango dituzte, espero zen bezala. Arazoa aztertu dituzten beste zazpi erakundeekin gertatzen da, horien artean Kutxabank. Multzo horretan era guztietako erakundeak sailkatuta daude.