Europa

Defizit helburuak ez betetzeko arriskuan dira Espainia, Frantzia, eta Italiaren aurrekontuak

Europako Batasunak zazpi estatu kide sartu ditu aurrekontuen arauak urratzeko arriskuan daudenen zerrendan: Frantzia, Italia, Espainia, Portugal, Austria, Belgika eta  Malta.

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea Kongresuan, 2015eko aurrekontuen gaineko eztabaidan. EMILIO NARANJO / EFE
xabier martin
2014ko azaroaren 28a
10:55
Entzun

Europako Batasuneko estatu kideek euren aurrekontuak aukeztu zituzten joan den urriaren 15ean, eta proiektu guztiak onartu zituen Batzordeak. Frantziaren aurrekontuak ez zituela onartuko zabaldu zen orduan, Parisek garbi esan duelako ezingo duela bete bere defizit helburua, 2015erako %3a. Gaur,berriz, Bruselak zazpi herrialderi ohartarazi die helburuak ez betetzeko arriskuan daudela aurkeztutako aurrekontuen arabera, eta "beharrezkoak diren neurriak" har ditzaten esan die. Tartean dago Frantzia, Europako funtsezko motorra Alemaniarekin batera.

Espainia, Italia, Belgika, Austria, Portugal, Malta eta Frantzia bera daude EBk aurrekontuak aztertu eta gero osatu duen zerrenda beltzean. Ohartarazpenak eta "aholkuak" ematen ditu Bruselak aurrekontuetan aldaketak egiteko, betiere doikuntzei erreparatuz defizit helburuen karietara. Are urrutirago doa Batzordearen jakinarazpena zenbait kasutan; "ez betetzeko arriskuak ahalezko neurriak hartu beharra dakar, gehiegizko defizitaren prozeduraren markoan". Mehatxu serio hori bakarrik "zenbait kasutarako" balio du EBk dioenez. Espainiari esan dio, kasurako,  "ez dela espero aurrekontuen planak gehiegizko defizit helburuak betetzea". Horregatik, "beharrezkoa diren nerriak" har ditzan esan dio Madrili.

Benetako arazoa, ordea, Frantziarena da EBrentzat, estatu kide horren ekonomiak ordezkatzen duena ezin delako ahaztu. Parisi nolabaiteko tregoa eman dio Bruselak, arazoa  2015eko martxora arte atzeratuz. Italia eta Belgikarekin osatzen duen hirukotearentzat ohar lausoagoa eman du Bruselak: "Estatu horien gobernuek hitza eman dute goi mailako konpromiso politikoan, 2015eko hasieratik erreforma estrukturalak egin eta aplikatzeko, hazkundea sustatzeko helburuz". Horregatik, EBk luzapen bat ematen die. "Erreforma horiek euren finantzen sustengarritasunean eragina edukitzea espero da epe ertainera".

Azterketa gainditu dutenak

Bruselaren gaurko ebazpenak, halaber, garbi uzten bost estatu kideren aurrekontu planek zorrotz betetzen dutela Hazkunde eta Egonkortasun Ituna. Alemania, Irlanda, Luxenburgo, Herbeherak eta Eslovakia dira bost herrialde horiek. Itunaren mugak gainditzen ez dituzten beste lau estatu daude EBk dioenez, Estonia, Letonia, Eslovenia eta Finlandia, nahiz eta aurrekoen notarik ez atera. Hala ere, horiei ere oharra eman die EBk "dagozkien neurriak" hartzeko 2015eko aurrekontuak Itunak mugatzen duenaren barruan koka ditzaten.

Gainera, estatu kideen aurrekontuen zenbakiak kontuan hartuta, Bruselak aurreikusi du eurogunearen defizita %2,6 izango dela 2014an, eta %2,2koa 2015ean. 2008tik lehen aldiz %3tik jaitsi da BPGren defizita eurogunean.

Ia 25 milioi langabe EBn

Eurostatek emandako datuen arabera, eurogunearen langabezia tasak %11,5ean jarraitu du urrian, eta %10ekoa da Europako Batasunean. Beraz, aldaketa esanguratsurik gabe jarraitzen du. Aurreko urriarekin alderatuz lau hamarren jaitsi da eurogunean, 2013an %11,9koa zelako. 28en eremuan ere jaitsiera egon da, %10,7tik %10era egin baitu behera indizeak.

Eurostatek dio 24,4 milioi pertsona daudela lanik gabe Europako Batasunean (urrian), eta horietatik 18,3 milioi eurogunean daude. Irailarekin alderatuz 42.000 langabe gehiago dago Europako Batasunean, eta 60.000 langabe gehiago dira euroguneko herrialdeak bakarrik kontuan hartuz. Baina urte arteko tasak hartuta albisteak ez dira txarrak, EBn 1,5 milioi langabe gutxiago daudelako orain urtebete baino, eta 547.000 gutxiago euroa moneta gisa duten herrialdeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.