Defizitaren aurkako ituna

2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Zer da Europako Aurrekontu Ituna? Ekonomia eta Diru Batasunerako Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantza ituna da izen ofiziala. Aurrerantzean EBko kideek defizit publikoak kontrolpean edukiko dituztela ziurtatzeko akordioa da. Alemaniaren ezinbesteko baldintza da euroguneko beste kideei laguntza ematen jarraitzeko, eta Europaren batasun politikoan aurrera egiteko. Martxoan sinatu zuten Erresuma Batua eta Txekiar Errepublika ez beste EBko kideek.

Zer ekarriko du? Praktikan, defizitak debekatzea edo, bederen, oso zail egitea. 90eko hamarkadatik indarrean dagoen Egonkortasun Itunak defizita gehienez %3koa izan behar duela erabaki arren, arau hori hautsi dute kide gutiz gehienek, Alemaniak haien artean. Oraingo ituna askoz zorrotzagoa da: gehien jota, beren BPGaren %0,5eko defizita izan beharko dute sinatu dutenek. Hori bai, kopuru horiek egiturazko defizitari dagozkio. Teorian, horrek esan nahi du estatu baten diru sarrera eta gastu arruntak baizik ez direla kontuan hartuko defizita neurtzeko orduan, eta alde batera utziko direla ezohiko gastuak eta zorra pagatzeko erabilitako diruak. Hala balitz, marjina handiagoa izango lukete estatuek. Gainera, estatu batek krisi gogor bat jasango balu, beste kideek baimena eman diezaiokete mugak gainditzeko.

Zorrari buruz? Beren zor publikoa %60tik behera duten kideek eta «luzera begira finantza egonkortasunerako arrisku txikia» dutenek %1eko defizita eduki ahal izango dute. BPGaren %60tik gorako zorra dutenek urtero hortik gora duen zorraren hogeiren bat txikitu beharko dute.

Zigorrik ba al du? Bai. Defizita zuzentzeko mekanismo automatikoak indarrean jarri arren, defizitaren muga gainditzen dutenei beren BPGaren %0,1 arteko isuna ezarri ahal izango die Europako Justizia Auzitegiak.

Frantziak onartuko ez balu, zer gertatuko litzateke? Ez luke bertan behera utziko, ituna indarrean jartzeko beharrezkoa den hamabi kideren onarpena ziurtaturik dagoelako. Irlandak soilik eskatu die iritzia bere herritarrei: %60ek baiezkoa eman zuten, ituna izenpetuta izatea ezinbesteko baldintza baita ESMren maileguak jaso ahal izateko. Haren beharra izango dutelakoan, irlandarrek baiezkoa eman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.