Defizitari aurre egiteko zigorrak, Alemaniak nahi baino epelagoak

Isunak automatikoki ezartzea proposatu du Bruselak; azkenean, Ekonomia ministroen esku uztea hitzartu dute

2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko Ekonomia ministroek defizit eta desoreka handiegiak dituzten herrialdeentzako zigorrak hitzartu zituzten atzo, Luxenburgon. Aurrekontuen inguruko diziplina gogortzea eta herrialdeen zorrak eragindako krisiak saihestea da neurri horien helburua. Kostata, baina azkenean ados jarri ziren, akordiorik eza gaur merkatuetan pagatu beharko zuten beldur.

Defizit handiegia duten herrialdeei isunak modu ia automatikoan jartzearen aldekoa da Alemania. Haren irudiko, horrelako mekanismo batek bakarrik ziurta lezake herrialde guztiei tratu bera ematen zaiela. Hala jasotzen zuen Bruselaren proposamenak ere. Baina, ezin izan zituen gainerako herrialdeak konbentzitu. Frantzia, Espainia eta Italia gogor aritu ziren neurri horren kontra. Eta, azkenean, haiek defendatutako moduan, azken hitza EBko Ekonomia eta Finantza ministroei ematea hitzartu zuten. Sei hilabetez defizit handiegia izanez gero isunak jartzea defendatu zuten Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, batzarraren ostean egindako agerraldian.

Orain arte, Europako Batzordeak defizit handiegiagatik proposatutako zigor orok ministroen kontseiluko gehiengo kualifikatuaren onespena behar zuen aurrera egiteko. Hemendik aurrera, ez da horrela izango. Bruselak proposatzen dituen zigorrek, hasiera batean, ez dute kontseiluaren oniritzirik beharko. Baina, epe jakin batean -Bruselak hamar egunekoa proposatu du- herrialdeen gehiengo kualifikatua erabaki horren kontra agertzen bada, Bruselaren zigorra bertan behera geratuko da. Gainera, herrialdeei bigarren aukera bat ematea hitzartu dute; beraz, zuzenean zigortu beharrean, defizita eta zorra txikitzeko neurriak hartzeko aukera emango diete gobernuei.

Atzoko batzarrean zerbait hitzar zezaten, Alemaniak jarrera leundu behar izan zuen, bai eta Frantziak ere, mutur banatan baitzeuden. Alemaniak mekanismo zurrunagoa nahi zuen, Frantziak kontrakoa. Herrialde bat zigortzeko erabakia Bruselako funtzionarioen esku uztea ez zitzaion bidezkoa iruditzen. Hark ere amore eman behar izan zuen.

Azken orduko aldaketarik ezean, Bruselak proposatutako gainontzeko zigor neurriek aurrera egingo dute. Urriaren 28ko eta 29ko batzarrak jarri dituzte muga gisa. Baina, oraindik, hainbat puntu nola garatu erabakitzeke dituzte.

Zalantza gehien, zorrak

Defizitari dagozkion kontuak dituzte garbien. Defizit handiegia duten herrialdeek barne produktu gordinaren %0,2aren pareko isunak ordaindu beharko dituzte. Ekonomiaren hazkunde eta egonkortasunerako planak BPGaren %3an ezartzen du defizitaren muga, baina zigor berriak portzentaje hori gainditzerako ezarriko lirateke.

Desoreka arazoak dituzten herrialdeen kasuan, berriz, BPGaren %0,1aren pareko isunak proposatu ditu Bruselak. Lehiakortasun galera geldiarazteko neurriak hartzen ez dituzten herrialdeentzako izango lirateke zigor horiek, esate baterako, etxebizitza merkatuan burbuila sortzea galarazten ez dutenentzat.

Zor publiko handiegia duten herrialdeei ezarri beharreko zigorretan dituzte zalantzarik handienak. Zorraren muga BPGaren %60an ezartzen du ekonomiaren egonkortasunerako planak, baina muga gainditzen dutenentzako isunik ez dute hitzartu oraindik, ez baitira ados jartzen. Defizitaren muga errespetatzen duten baina zorrarena gainditzen duten herrialdeei espediente bat zabaltzea proposatu du Bruselak. Ondoren hiru urteko epea izango lukete kontuak orekatzeko.

Zor publiko handiena duten herrialdeek, Italiak eta Belgikak, kasu, ez dute babesten horrelako neurririk. Europa ekialdeko herrialdeek, berriz, pentsio sistema erreformatzeko egin duten ahalegina kontuan hartzeko eskatu diete gainerakoei, horrek eragina duelako zor publikoan.

Atzoko batzarrean ez zuten hitz egin mahai gainean zituzten kontu guztiez. Neurriak betetzen ez dituzten herrialdeei EBko ministroen kontseiluan boto eskubidea kentzeaz, esaterako, ez zuten txintik esan. Alemania eta Europako Banku Zentrala gisa horretako neurriak hartzearen aldekoak dira, baina, oraingoz baztertu egin dituzte, egungo araudian aldaketak egitea eskatzen dutelako.

Maiatzean sortutako 750.000 milioi euroko erreskate funtsa behin betiko egiteko aukeraz ere ez ziren aritu atzokoan. Herrialdeek modu kontrolatuan porrot egiteko mekanismorik aurreikusten ez den bitartean, erreskate funts hori behin betiko egitearen kontrakoa da Berlin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.