EBZ

Deflazioaren danbor hotsa isiltzeko

Bankuei likidezia merkea eskainiz ekingo dio gaur Europako Banku Zentralak ekonomia onbideratzeko estrategiari.

Mario Draghi, iragan astean. MATTEO BAZZI / EFE
Ivan Santamaria.
2014ko irailaren 18a
14:32
Entzun

Bankuei likidezia merkearen ateak irekiko dizkie gaur Europako Banku Zentralak (EBZ). Deflazio arriskua uxatzea eta ekonomia onbideratzea du helburu estrategia berriak. Joan den ekainean banku zentralak iragarritako neurri sortaren parte da, interes tasa ofizialaren jaitsierarekin eta aktiboen erosketarekin batera.

Zer esan nahi du TLTROk?

EBZk gaur martxan jarriko duen egitasmoa da: Targeted Longer-Term Refinancing Operations (Baldintzapeko luzera begirako birfinantzaketa eragiketak).

Zein da helburua?

Euroguneko sektore pribatuari —familiei eta enpresei— emandako kreditua handitzea eta horren baldintzak hobetzea. Hori bai, bankuek ezingo dute hartutako dirua erabili hipotekak emateko.

Zer dira eragiketa horiek?

EBZk dirua maileguan hartzeko aukera emango die finantza erakundeei. Diru hori oso merke eskainiko die, eta, jarritako baldintzak betetzen badituzte, bankuek ez dute 2018. urteko irailera arte itzuli beharko.

Zenbat diru izango da?

Bi enkante egingo ditu EBZk bankuei dirua eskura jartzeko. Lehenbizikoa gaur egingo da, eta hurrengoa, abenduaren 11n. Eskatutako kopurua handitzeko aukera izango dute finantza erakundeek gero, hiru hilean behin egindako eragiketa baten bidez. Bankuek, asko jota, sektore pribatuari emana dioten kredituaren %7ren pareko eskaera egin ahalko dute, hipotekak alde batera utzita. Bi enkanteren bidez 400.000 milioi euro mugitzea da EBZren helburua.

Zenbat ordainduko dute bankuek diruaren truke?

Eurosisteman dagoen diruaren prezio ofiziala gehi oinarrizko hamar puntu. Alegia, %0,15. EBZk interes tasa ofizialak jaitsi zituen azken bileran, %0,05era, eta argi utzi zuen ez direla gehiago jaitsiko. Tasa txikiagoen esperoan bankuek abenduko enkanteari itxarotea eragotzi nahi izan zuen iragarpen horrekin.

Zeintzuk dira baldintzak?

Dirua benetan maileguak emateko erabiltzen dela egiaztatu nahi du EBZk. Hori dela eta, helburu batzuk ezarriko dizkie bankuei. Helburu horiek betetzen ez dituzten erakundeek dirua bi urte lehenago bueltatu beharko dute, 2016. urteko irailerako, alegia. Hasiera batean, 2013ko apiriletik 2014ko apirilera eman zuten kreditu kopurua gainditzeko exijitu die EBZk. Edonola ere, baldintzak betetzen direla egiaztatzeko informazio zehatza galdegingo die finantza erakundeei.

Zergatik izango dira baldintzapeko eragiketak?

2011. eta 2012. urteetan antzeko enkanteak eskaini zituen EBZk. Bankuek bilioi bat euro inguru hartu zuten. Haatik, likidezia hura kreditua errazteko erabili beharrean, gehienek euren balantzeak indartzeko baliatu zuten, carry trade direlakoen bidez. Funtsean, bankuek dirua merke eskuratu zuten EBZtik, eta diru horrekin interes handiagoa ordaintzen zuen herrialdeen zor subiranoa erosteari ekin zioten. Orduan jaso zuten likidezia EBZri itzultzeko epea aurki amaituko zaie bankuei.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.