Ekonomia

Del Dagoren berririk gabe, Naval beste irtenbide baten bila hasi da

Akziodunen ezohiko batzarrera deitu dute hilaren 30erako ontziola salbatzeko aukerak aztertzeko.

Naval ontziolak 150 milioi euroko zorra pilatu du azken urteetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Irune Lasa.
2017ko abuztuaren 22a
13:51
Entzun

Egutegia gainera datorkio Naval ontziolari. Urriaren 7an beteko da hartzekodunen konkurtso aurrekoaren epea, eta ondoren likidazio prozesua dator. Horretara iritsi beharrik ez zela izango ematen zuen joan den ekainean, Manuel Del Dago inbertsiogileak ontziola erosteko interesa azaldu zuenean. Asturiar jatorrikoa, Miamin (AEB) bizi den Del Gago Navalen %10,5aren jabe da Navieras del Nervion konpainiaren bitartez.

Enpresaburuaren asmoei bidea errazteko, akziodunek kapital hedapena onartu zuten: akordeoi operazioa egin eta orduko kapitala zero izatera pasatzea, ontziolaren kapital berria Del Dagok eta beste bi inbertsiogilek jarritako diruarekin eratzeko. 42 milioi euro biltzea zen operazio horren helburua, eta Del Dagoren poltsikotik etorriko zen diru horren %80.

Uztaila bukaeran Del Dago Miamitik etorri zen ontziolara bisita egitera. Han bildu zen Navaleko egungo bazkidekin, erakunde publikoen ordezkariekin eta baita langile batzordearekin ere. Interesatuta jarraitzen zuela adierazi zien guztiei,  hiru aste behar zituela inbertsiorako finantza egitura osatzeko.

Joan den ostegunean bete zen hiru asteko epea, eta Navalen ez dute Manuel Del Dagoren berririk. Gauzak horrela, ekainera arte zituen jabe berdinekin jarraitzen du Navalek, eta akziodun nagusiek —Ingeteamek eta Murueta Ontziolak akzioen %33,8 dituzte bakoitzak— badaezpada, abuztuaren 30erako akziodunen batzarrera deitu dute, egoera aztertzeko. Ordurako Miamitik albisterik badago eskaintza aztertuko da; eta ez badago, aukera berriak aztertzen hasi beharko dira ontziola salbatzeko. Zenbait iturriren arabera, beste inbertsiogileren bat legoke Naval eskuratzeko interesatuta.

Sestaoko ontziolak 150 milioi euroko zorra dauka pilatuta: Tax lease-aren auziarekin hustutako nasak beteak ditu , baina kontratu horiek lortzeko oso prezio txikiak eskaini behar izan zituen, eta, ondorioz, diru sarrera eskasak izan ditu. Navalek 220 langile ditu zuzenean, eta ia beste 2.000 azpikontraten bidez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.