Demaneko langileak, lanera itzultzeko prest

Hiru hilabeteko lanuztearen ostean, multinazionaleko zuzendaritzarekin akordioa lortu dute

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hiru hilabete lanuztean egin eta gero, Autobarreko —Deman zena— langileek eta zuzendaritzak akordiorako oinarriak finkatzea lortu dute. Ondo bidean, langileak datozen egunetan itzuliko dira lanera.

Arazoak iragan abuztuan hasi ziren, Autobar multinazionalak Serventa vending enpresa erosi zuenean —Deman Serventarena zen—. Zuzendaritza berriak Demaneko lau langile kaleratu zituen, eta langileek lau eguneko lanuztearekin erantzun zioten.

Irailean, berriz, taldeko 160 langile kaleratzeko erregulazioa aurkeztu zuen multinazionaleko zuzendaritzak, eta kaleratzeko baldintzak negoziatzeko mahai bat sortu zuen Madrilen. Autobarreko zuzendaritzak eta UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek 120 langile kaleratzea hitzartu zuten azkenean, horietatik hamabi Demanekoak. Hori salatzeko, greba mugagabea hasi zuten urtarrilean.

Hiru hilabete luzeren ostean, apirilaren 24an akordiorako oinarriak hitzartzea lortu zuten Autobarreko zuzendaritzak eta Demaneko langileek. Hurrengo egunean, apirilaren 25ean, langileen batzarrak babestu egin zuen euren ordezkariek zuzendaritzarekin egindako akordioa. Horrenbestez, hitzartutakoa paperean idatziz jarri bezain laster lanera itzuliko direla jakinarazi du ELAk.

Sindikatu horrek jakinarazi duenez, lan erreforma indargabetzen duen klausula bat eta Demaneko langileen lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzea onartu ditu zuzendaritzak. Orain hasiko dira bi urterako hitzarmena negoziatzen, eta hura adostu arte orain arteko lan baldintzekin jarraituko dute langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.