“Gizartea erabaki guneetatik atera dute, eta, horregatik, demokraziaren ikuspegitik atzerapauso bat egon da”. Egoera horri aurre egiteko irtenbide bakarra ikusten du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak: mobilizatzea. Horregatik, dei egin du Iruñean eta Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren sustatzaileek larunbaterako deitutako manifestazioekin bat egiteko. “Ez ditugu babestu nahi gobernuek proposatzen dituzten politikak: errealitatea aldatu nahi dugu”. Eta politikan parte hartu ahal izateko bidea “mobilizatzea” dela gaineratu du.
Antzeko ideia landu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ere: “Aldaketa sozialerako giltza kalean dago, eta, horregatik, sindikatuok gatazka sozial hori antolatzera behartuta gaude. Mobilizatzea”. Izan ere, Muñozen arabera, presio sozialik gabe ez da aldaketarik egongo.
Eta aldaketa horretarako proposamenak badituzte, gainera. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean hamasei puntu zehatz bildu dituzte “aberastasuna banatzeko”. “Azken ikerketek agerian utzi dute gizarteko ezberdintasuna areagotzen ari dela. Guk ez dugu ikerketarik egin nahi, egoera hori aldatu baizik”, esan du Etxaidek.
Bilboko manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Jesusen Bihotza plazatik, eta Iruñekoa, berriz, 17:30ean, Antoniutti parketik.
Neurri hauek proposatzen ditu agiriak:
1- Espainiako Gobernuak onartutako aurrekontu mugak eta murrizketak ez onartzea. Hego Euskal Herriko erakundeek ezarritako murrizketak atzera botatzea.
2- Ondasunaren banaketa bidezkoagoan lagunduko duen politika fiskal justu eta progresiboa.
3- Sektore sozial estrategikoak bermatzeko zerbitzu publiko propioak garatzea.
4- Langabezia eta pobreziaren hazkundeari erantzuteko, prestazio sozialak handitzea.
5- Honako eskubideak legez ezartzea:
- Menpekotasun egoera ororen babesa.
- 0-3 urte artean doako hezkuntza.
- Haurtzaroan eta gaztaroan babes ekonomikoa.
- Alokairu soziala sustatu.
6- Sektore publiko indartsu bat sustatzea.
7- Kalitatezko enplegua defendatu.8- Erakunde guztiak berregituratu, gizartearen parte hartze demokratikoa ahalbidetzeko.
9- Zorraren gaineko auditoria.
10- Pertsonak, herriak eta natura lehenetsi multinazionalen etekinen gainetik.
11- Zainketa lanak sozialki aitortu eta banatu.
12- Baldintza laboral eta sozialetan berdintasuna bermatu.
13- Askatasunen murrizketei ezetza.
14- Emakumeen kontrako bortizkeriari aurre egin.
15- Euskara eta kulturaren normalizazioa.
16- Arlo ekonomiko nahi sozialean burujabetza sustatzea.