Abuztuaren 2a da azken eguna. Ordurako defizitaren sabaia handitzeko akordiorik lortu ezean, default egingo dute AEBek. Hau da, zorrak ordaindu ezinda geratu dira. Estu dago Barack Obama presidentea. Aste honetan, atzo ez beste egun guztietan bildu da Kongresuko ordezkariekin. Oraingoz, ordea, akordiorik ez dute lortu, besteak beste, herrialdeak porrot ez egiteaz gain, etekin politikoak lortu nahi dituztelako alderdiek. Atzo, 24 eta 36 orduko tartean «plan serio bat» aurkezteko eskatu zion Kongresuari.
«Ez genuke epe mugatik hain gertu ibili behar. Denbora amaitzen ari zaigu», adierazizuen AEBetako presidenteak gaiari buruz egindako agerraldian. 14,3 bilioi dolarrean dago finkatuta AEBen defizitaren gehienezko muga; maiatzean iritsi zen kopuru horretara. Larrialdiko hainbat neurri hartu zituen orduan, eta, orain artean, ahal den moduan moldatu da aurrera egiteko. Abuztuaren 2tik aurrera, ordea, gauzak asko alda daitezke.Jaulkitako bonoen interesak ordaindu beharko ditu egun horretan. Eta, sabaia igo ezean, ordutik aurrera ezingo die aurre egin finantza betebeharrei, ordainketak egiteko gehiago zorpetu beharko lukeelako.
Sabaia igotzearekin batera, hurrengo hamar urteetan defizita lau bilioian murrizteko plana ari dira negoziatzen. Nola? Obamaren proposamena da zerbitzu publikoak gutxitzea —osasun laguntzak tartean— eta zergak igotzea petrolio enpresei eta urtean 250.000 dolarretik gorako irabaziak dituzten herritarrei. Errepublikanoek, berriz, gastuak murriztuta jan nahi dute defizita. Ez dutela zergetan zentimo bakar bat ere igotzea onartuko ohartarazi dute, eta datorren astean plan bat aurkeztuko dutela iragarri dute, Murriztu, mugatu eta orekatu izenekoa. Obamari ez zaio komeni murrizte guztiak gizarte programen gainean egitea, botoak galduko lituzkeela badakielako.
Hala, kopuruz txikiagoa den plan bat onartzeko ere prest agertu da AEBetako Gobernuko presidentea. Defizita 2,4 bilioian gutxitzea onartuko luke, baldin eta horretarako neurriak «orekatuak» badira. Hau da, errepublikanoen eta demokraten proposamenak onartuz gero. «Ezin dira 2,4 bilioi aurreztu herritarrei eragingo dien neurririk hartu gabe. Zenbakiak errepasatu ditut, eta ez dago horretarako aukerarik ematen duen neurririk», azaldu du. Presidentearen arabera, beharrezkoa da aberatsenei zerbait eskatzea.
Obama ez da kezkatuta dabilen bakarra. Orain artean, AEBen defizitaren inguruan nahiko isilik egon dira kalifikazio agentziak. Urduritu dira haiek ere, eta herrialdeari kalifikazioa murrizteko mehatxua egin dute Moody'sek eta Standard&Poor'sek. Azken horren arabera, %50ekoa da murrizteko aukera. Kongresuak sabaia igotzea onartuta ere, ez du bermatu AAA mailari eutsiko dionik. «Akordioa txikiegia bada, jaitsi egingo da kalifikazioa», esan du John Chambers S&Pko kalifikazioen batzordeko presidenteak.
AAAren garrantzia
Kalifikazioa jaiste hutsak ondorio handiak izan ditzake. 1917. urteaz geroztik, AAA mailakoa da AEBen zorra; hura da kalifikaziorik gorena. Jaitsiz gero, beste herrialde batzuenaren azpitik geratuko litzateke, esaterako Alemaniakoaren eta Frantziakoaren azpitik. AEBen bonoak dituztenek haiek saltzea erabaki dezakete, ez dutelako lehen adina balioko.
Alemania sendotzeak ere baditu bere arriskuak. Izan ere, euroguneko herrialdeen arrisku sariak neurtzeko hura hartzen da erreferentziatzat.
Kalifikazioa jaistea larria da, eta zer esanik ez munduko ekonomia nagusiak porrot egitea. Mundu guztia dago hari begira. Alemaniako Gobernuak ereaitortu du errepublikanoen eta demokraten arteko negoziazioak gertutik ari dela jarraitzen. «Espero dugu akordio on bat adosteko gai izango direla», adierazi du Steffen Seibert gobernuko bozeramaileak. Presio handia du bere gain Obamak.
Kalterik handiena, Txinari
«Gure zorrak ordaintzen ez baditugu, ondorio serioei egin beharko diegu aurre. AEBen hurrengo hamar urteetako kontuak orekatzeko aukera dugu, eta ezin dugu alferrik galdu», azaldu du presidenteak. Berdintsu mintzatu da Ben Bernanke Erreserba Federaleko presidentea ere. «Ordainketak eteteak dimentsio handiko krisia eragingo luke. Dardarak sortuko lituzke finantza sistema osoan».
Dirutza galduko luke Erreserba Federalak, azken urteetan gobernuaren bonu asko eskuratu dituelako sisteman dirua sartu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, ordainketak eteteak Txinari egingo lioke kalterik handien, hura delako AEBen zorraren hartzekodun nagusia eta erreserba asko dituelako dolarretan.
Hain zuzen ere, dolarrak ere balioa galduko luke AEBek zorrak ordaintzeari utziz gero, eta kontuan hartu behar da munduko banku zentral askok erabiltzen dutela hura erreferentziatzat.
Denbora ahitzen ari zaio Obamari
Defizitaren sabaia igotzeko, 36 orduan «plan serio bat» aurkezteko eskatu dio Kongresuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu