Aurrekontu bat egitea lehentasunak ezartzea da. Ideia hori defendatu du Ricardo Gatzagaetxebarria Ekonomia eta Ogasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean, oposizioko hainbat legebiltzarkidek edukiari buruz egin dizkioten kritiken aurrean. "Denetara ezin gara heldu", desenkusatu da sailburua, bere agerraldian.
Sailez sail aurrekontuen nondik norakoak azaltzen ariko dira Legebiltzarrean gaur eta bihar Iñigo Urkulluren gobernuko sailburuak. Ohi denez, Ekonomia eta Ogasun sailburuak egin du lehenbiziko agerraldia, kontuen aurkezpen orokorra egiteko.
Kontuek aurreko urtekoen jarraipena izatea defendatu du. "Beharrak ez dira aldatu", haren ustez. Guztira, 10.629 milioi izango ditu gastatzeko Jaurlaritzak, aurreko urtean baino 423 milioi gehiago. Haatik, diru horren %42 ez da politika praktikoetan islatuko, aurreko urteetan hartutako zorraren amortizazioak eta interesak ordaintzera bideratuko delako.
Gastuak zehazterakoan oinarrizko eskubideei "lehentasuna" eman zaiela nabarmendu du sailburuak. Hala, diru sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitza osagarriaren aurrekontuak izandako hazkundea defendatu du. Gastu hori estaltzeko aurrekontua ia %20 handitu da — 76 milioi euro gehiago —. Haatik, aurten aurreikusitakoaren eta benetan gastatu denaren artean zegoen aldea orekatu baino ez du egingo igoerak. 2015. urtean laguntza horien gastua ez dela handituko espero du gobernuak. Edonola ere, kreditu hedagarriak dira. Hots, finantzazioan sortzen diren behar guztiak estaltzera derrigortuta dago gobernua.
EH Bilduk eta UPDk gizarte murrizketek indarrean jarraitzen dutela aurpegiratu diote sailburuari. Esaterako, PSE-EEk agintea zuenean diru sarrerak bermatzeko errentari egin zitzaion %7ko murrizketak bere horretan segitzen du. EH Bilduk, halaber, gizarte larrialdietarako laguntzetara soilik 500.000 gehiago bideratzea kritikatu du. Laguntza horiek amaitzerakoan udalek dirua jarri behar dutela salatu du Leire Pinedo legebiltzarkideak. "Jaurlaritzarena den eskumen horri aurre egiteko 11 milioi gehiago beharko lituzkete". Sailburuak berretsi du beste laguntza guztien aurretik diru sarrerak bermatzeko errentak duela lehentasuna, "oinarrizko eskubidea" delako.
Inbertsioei bueltaka
PPren izenean, Antonio Danboreneak zalantzan jarri du aurrekontuekin ekonomiaren suspertzeari lagunduko zaionik. "Ez dago neurri bat bera ere ez enplegua sustatzeko". Bai PPk bai EH Bilduk inbertsioen alorrean gobernuak iragarritako hazkundea zalantzan jarri dute.
Orotara, Jaurlaritzaren inbertsio errealak %3,8 handituko dira aurten. Guztira, 19 milioi gehiago dira, %3,8ko hazkundea. Sailburuak 30 milioira igo du kopurua, beste erakundeei zuzendutako diru transferentzien helburu nagusia inbertsioak diruz hornitzea delako.
Aurreko urteetan bezala, inbertsiorik handiena Abiadura Handiko Trena eraikitzeko kreditua izango da. Inbertsioen %69 dela nabarmendu du EH Bilduko Pinedok, eta, hori gabe, hutsaren hurrena direla inbertsioak. Halaber, diru hori benetan kobratzen ari den auzitan jarri du. "Kutxara ez da diru hori sartzen ari", Pinedoren arabera. Sailburuak ez dio erantzun horri.
Aurreikuspen "zuhurrak"
Urkulluren gobernuak argi utzi du aurrekontuen negoziazioetan PSE-EEk izango duela lehentasuna. Kontuen aurkezpenean ere ziurtatu zuen Gatzagaetxebarriak sozialisten eskaerak asetzeko ahalegina egin dutela diru baliabideen hazkundearekin. Gaur PSEko ordezkaria, Txarli Prieto, ez da eduki orokorretan sartu. Haren kezka nagusia aurrekontuak oinarritzen diren aurreikuspen ekonomikoak izan dira. Prietok ohartarazi du aurrekontuak aurkeztu ondoren Europako Batzordeak bere hazkunde kalkuluak murriztu dituela, nabarmen, eta horrek EAEko ekonomian izan dezakeen ondorioak aintzat hartu diren galdetu dio sailburuari.
Gatzagaetxebarriak argudiatu du aurreikuspenak egiterakoan "zuhurtasunez" jokatu dutela, Azpimarratu du, gainera, kalkulu horiek aho batez onartu zituztela gobernuak eta hiru foru aldundiek Finantzen Euskal Kontseiluan. Hori bai, Europan egoera ekonomikoak okerrera egiteko arriskuak egon badaudela ohartarazi du, eta, hala balitz, euskal ekonomian ere islatuko litzateke. Momentuz, heldu den urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordina %1,7 handitzea espero du Jaurlaritzak. Aurten, hazkundea %1 izango litzateke.