Euroguneak desgrazia latza biziko luke, Greziarena konponduko ez balu. Des-grezia egiteko bidea hartuz, alegia, Grezia euroguneko bazkideen esku-edo lagaz, herrialde horren bilakaera zuzendu lezake Batzordeak. Arazoa izango da greziar arruntak ohartzea. Oso egun gorabeheratsua izan zuten atzo diru azokek, baina gureak bederen arnasa pittin bat hartu zuen eta, nola ez, baita euroak berak ere. Horrezaz gain, Saint Louisko Erreserba Federaleko buru James Bullardek 2012ra arte interes tasak baxu mantentzea espero duela esan du. Errenta aldakorrak pozez ospatu du, bigarren begiratu batean ezkorra izan liteken arren. Ibex-35 %0,68 igo zen, 2.730 milioiren salerosketa mardulaz, horietan 715 Santanderren akzioetan (+%2,24). Bolsas y Mercadosek (-%0,88) badu Botini zer eskerturik. BBVA ere baikortasun horretan girotu zen (+%1,05), hein txikiagoan baina. Eta ukitu mediterraneoarra Edurnezurik jarri zuen oraingoan (-%0,45).
Itau-Unibanco. Lula presidentegai zenean beldur zioten arren, bistakoa da bankuek Brasilen dirutza irabaz dezaketela egun. Itau-Unibancok 5.430 milioi dolar irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino %6 gehiago. Gurean, Santander kutsatu zuen.
Colonial. Colonial higiezin enpresak (+%9,8) txerritxo ehiztarientzat odolkia dirudi. 4.900 milioiren zorra birnegoziatzen ari denez, igoera bizia izan zuen akzioak: 0,168 euro balio du orain 2007an bost eurotik gora balio zuenak. Enpresa osoak 295 milioi balio du.
'Des-grezia' asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu