Deslokalizazioak ia bi mila lanpostu deuseztatu ditu azken hilabeteotan Euskal Herrian. LAB sindikatuak eman dako datua da, fenomeno horren aurka duela bi aste hasitako kanpaina egiteko Eusko Legebiltzarraren aitzinean egin zuen ekitaldian.
Rafa Diez sindikatuko idazkari nagusia kezkatuta agertu zen egoera ekonomikoaren inguruan, eta, eragile batzuk baikor diren arren, «hodei beltzak» hasi direla sortzen ohartarazi zuen. «Baliteke burbuila ekonomiko batean egotea, eta horrek edozein unetan eztanda egitea». Ufesa, Inovac-Rima, Hofesa, Expal, L&P eta beste enpresa batzuek ekoizpena kanpora eraman dute. Horrez gain, ekonomian traktore lana egiten duten beste batzuen etorkizuna ez dagoela argi nabarmendu du LABek. Esaterako, Naval ontziola, Sidenor, Gamesa edo Arcelorreko filialak.Giro horretan Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ezin direla ikusle hutsak izan uste du Diezek. Batez ere, sektore publikoak izan behar duen tokia argitzeko eskatu zien bi administrazioei. «Ekonomiaren eta gure herrialdeko industriaren motorra izango den sektore publikoa behar dugu».Horren haritik, industriaren egoerari aurre egiteko tresnak sortzeko exijitu zien LABeko idazkari nagusiak bi gobernuei. Tresna horien eginkizuna, haren irudiko, industria politika aktiboak eratzea litzateke, eta ez enpresei diru laguntza ekonomikoak soilik ematea.Ekitaldiaren aurretik LABeko ehunka ordezkarik manifestazioa egin zuten Arabako hiriburuan. Geure ekonomia defenda dezagun, Deslokalizaziorik ez leloko pankartarekin abiatu ziren Bilbo plazatik, eta, kale nagusiak zeharkatu ondoren, Legebiltzarraren egoitzaraino iritsi ziren.
Deslokalizazioak bi mila lanpostu deuseztatu dituela salatu du LABek
«Ekonomian hodei beltzak agertzen hasi dira», ohartarazi du Diezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu